ANALISIA

Zergatik daude Renfeko trenak inoiz baino graffiti gehiagorekin margotuta?

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 17a, 08:00

Renfek erabiltzen duen trenetako bat. / Aiaraldea.eus

Garraio publikoaren zerbitzuaren gainbeheraren barruan, alde estetiko hutsa bada ere, ohikoa bilakatu da trenak margoturik ikustea eta, behingoagatik bada ere, ez da arrazoi ekonomiko hutsengatik, langileek azaldu dutenez.

Duela hilabete batzuk ez zegoen margotutako trenik Renfeko C-3 lineako zerbitzuan. Baina azkenaldian ohikoa bilakatu da unitateak graffitiz zipriztinduta ikustea. Arte adierazpen mota horren zilegitasunean edo kalitatean sartu gabe (norberak izango baitu bere iritzia edota gustua), kontua da aldaketa estetiko hori zerbitzuaren gainbehera orokorraren testuinguruan jazo dela.

Izan ere, duela hilabete batzuk graffitirik ez ikusteak ez du esan nahi egiten ez zirenik, baizik eta berehala garbitzen zirela. Egun, ordea, ez da halakorik gertatzen.

Horri buruz galdetu dio Aiaraldea Komunikabideak Renfeko langileen ordezkari bati eta honek azaldu du, beste esparrutan ez bezala (trenen konponketak, irisgarritasuna, ordutegien betetzea eta gidarien falta...) arazoa ez dela ekonomikoa, edo ez soilik hori.

Izan ere, badirudi duela hilabete batzuk Abandoko tren geltokian zenbait istripu gertatu zirela zerbitzuan ez dauden trenak uzten dituzten trenbideetan eta unitateteek kolpeak hartu zituztela. Hasiera batean, graffitiak kentzeko erabiltzen diren produktu likidoei egotzi zieten ezbehar horien ardura.

Graffitiak kentzeko erabiltzen diren produktu likidoei egotzi zieten trenek pairatutako istripuak.

Gerora, ondorioztatu dute trenetan baliatzen den olio berria izan daitekeela istripuen benetako eragilea, baina, bada ez bada, ez dituzte garbiketa lanak berrezarri.

Horrez gain, 2030 Agenda ere badago. Hain zuzen, ez dago bermerik Abandoko tren geltokian sortzen diren hondakin kimiko guztiak (margoa zein disolbatzaileak) itsasadarrean bukatu ez daitezen. Hori dela medio, Ollargango konponketa tailerrean garbitzen hasi behar ziren, baina, dirudienez, ez dute oraindik egin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide