Kalean dago honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren azken zenbakia, 206. alegia. Orotariko erreportaje eta elkarrizketek osatzen dituzte agerkariko 32 orriak, adin eta interes guztiak asetzeko asmoz.
Toñi Hinojosa aktore amurrioarrarena da azken zenbakiko azala. Hinojosa gor-mutua da, eta Cuerpo escombro pelikulan egin du agerpena, Dani Rovirarekin batera, besteak beste.
Goizane Rodriguez artista laudioarrari ere egin diogu elkarrizketa. Sortzaile laudioarrak erakusketa inauguratu du Kulturlab espazioan, eta bere azken bildumaren kontuak aletu dizkigu.
Txirrindularitzari arreta
Kirol atalean arreta berezia eskaini diogu goi-mailako txirrindularitzari, Iñaki Isasi eta Ander Ganzabalen eskutik. Euskadi Fundazioko presidente berria da Isasi, eta etorkizuneko erronkez mintzatu da. Ganzabalek, aldiz, bi denboraldi egingo ditu Euskadi Fundazioko gizonezkoen talde nagusian, Euskatel Taldean, maillot laranja soinean jantzita duela.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da argitalpena eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.