Ez dute oso argi noiz ekin zioten egiteari. Memoria ez da oso fidagarria, eta bakoitzak data ezberdin bat du buruan. Hori bai, gehienek jotzen dute ziurtzat lau hamarkada baino gehiago igaro direla eskualdeko zenbait artzain lehen aldiz bildu zirenetik gaur egun ‘Ardiaren bazkaria’ gisa ezagutzen dena egiteko.
“Bazeuden lauzpabost artzain Ganekogortan eta pentsatu zuten elkarrekin jai bat egitea. 15 lagun inguru aritu ginen lehen urtean”, oroitu du Fernando Ibarrolak. Ordutik hona kokaleku ugari izan ditu hitzorduak. “Santa Luzia (Ermualde), Okondoko La Ventilla jatetxea, Laudioko Larrazabalgo Gurdi jatetxea, Arakaldoko Herriko taberna, Arespalditzako Batzokia eta Aretako El Tunel jatetxea”, zerrendatu ditu Iñaki Urrejolak, kronologikoki. 2017. urtetik daramate azken toki horretan biltzen, eta aurten ere ez diote hutsik egin zitari. Iragan urriaren 19rako jarri zuten hitzordua eta, beste behin ere, jangela osoa bete zuten artzain eta baserritarrek.
Berez, bazkariak ez du aparteko misteriotik. Artzainen arteko harremana sustatzeko hasi ziren biltzen bere garaian. “Garai hartan artzainak ziren jaun eta jabe mendietan, instituzio publikoek ez zuten horrenbeste kontrolatzen”, testuinguratu du Iñaki Pagazaurtunduak, “Laudioko artzainek ez zuten Ganekogortako larreak erabiltzeko aukerarik. Horregatik, Vicente Urkijok, Fernando Ibarrolak, Jose Muguruzak eta beste kide batzuek erabaki zuten ‘Ardiaren bazkaria’ egiten hastea, Laudio eta Okondo aldeko artzainak biltzeko”.
Adiskidetasuna sustatzea zen helburua, gerora larre komunalak elkarbanatu ahal izateko. Hala oroitu du Pablo Gorostiagak: “Artzainen arteko harremanetik sortu zen bazkaria, nahitaez izan behar zuten elkarbizitzagatik. Bati abere bat falta zitzaionean beste bati abisatzen zion, ez zegoen mugikorrik garai hartan…”.
Bazkarian gizonezkoek soilik parte hartu zuten urte luzez, hitzorduaren antolakuntzaren atzean emakumezkoak ere zeuden arren
Emakumeen presentzia
Vicente Urkijo zendu zenean, Laudioko Ostenko baserriko Marisol Respaldiza eta Jesus Mari Oruetak hartu zuten bazkaria antolatzearen ardura. Data jarri eta jatetxean erreserba huts bat egitea dirudi, baina ez da horren lan sinplea. Respaldizari egokitu zitzaion, adibidez, toki aldaketak kudeatzea. Bere hitzetan, ez zen erraza otordua eskaintzen prest egongo zen establezimendu bat topatzea. Izan ere, menua berdina da beti: gaztainak, arrain-zopa, odolostea piperrekin, ardi txuletak, ardi gisatua eta postrea. Gainera, osagai nagusiak (ardia, odolostea eta piperrak) baserritarrek eurek jartzen dituzte, eta jatetxeko sukaldaria horietara moldatu behar izaten da nahitaez.
Horregatik, Gurdi jatetxea uztea erabaki zutenean, Respaldizari nahikotxo kostatu zitzaion ordezko toki bat topatzea, are gehiago kontuan hartuta berak ezin zuela bazkarian parte hartu, garai hartan gizonezkoak soilik zeudelako gonbidatuta. “Emakumea betidanik egon da ezkutatuagoa baserri munduan”, azaldu du Ostenko baserriko kideak, baina ziurtatu du ez zela inolako arazorik egon emakumeek bazkarian parte hartzea eskatu zutenean.
Geroz eta artzain gutxiago
Emakumeen presentzia ez da izan bazkariak izandako aldaketa bakarra. Hasieran zita oso bideratua zegoen artzain gisa lan egiten zuten horietara. “Bazegoen Arrankudiagako kide bat, Migeltxo, behiak zituena, eta oroitzen dut guztiek burla egiten ziotela horregatik, bazkaria berarentzat ez zela esanez”, aipatu du Pagazaurtunduak.
Duela 40 urte inguru ekin zioten artzainen bazkaria egiteari
Baina igaro ziren urteak, eta nabarmen malgutu baldintzak. Aurtengo zitan 60 pertsona bildu dira guztira; gehienak nagusiak, esku bakarrarekin kontatu daitezke 30 urtetik beherakoak. Lehen sektoreak bizi duen egoeraren isla argia, paradoxikoa: gehiagora joan da bazkaria, artzainen kopurua gutxiagora joan den arren.
Parranda giroa da nagusi otorduan, baina giroa apur bat goibeltzen da lehen sektorearen egoeraz hitz egiterako orduan. Pagazaurtunduaren hitzetan, “birrinduta” dago baserri mundua. “Ez dugu inoren babesik eta bakoitza ahal den moduan ateratzen da aurrera”, salatu du, eta arazoak zerrendatzeari ekin dio jarraian: “Otsoa, basurdea, pentsuen prezioak %20 igotzen dira urtero… eta gure produktuen prezioek ez dute gora egiten. Hau mantentzen bada, jende nagusiak duen ilusiogatik da”. Esaldi argi batekin borobildu du Victor Otaolak, postreko kafea hartzen duen bitartean: “Lehen gu bizi ginen ardiei esker, eta orain ardiak bizi dira guri esker”.
Panorama horren aurrean, badago baikortasunerako tarterik? Baliteke. Pagazaurtunduak uste du gaur egun badagoela lehen zegoena baino batasun gehiago, baina gehiago egon beharko litzatekeela. Gauzak hala, garaiak aldatu diren arren, ‘Ardiaren bazkariak’ badu oraindik zentzua.