Larunbatean Gasteizen egingo duten makroproiektuen kontrako manifestaziora batzeko deia zabaldu du Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 24a, 09:55

Manifestazio bateratu gehiagotan parte hartu du Aiaraldea Mendiak Bizirik plataformak.

Mobilizazioa 18:00etan hasiko da Bilbo plazan eta egun osoan jarduerak antolatu dituzte General Loma plazan.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak parte hartuko du larunbatean Gasteizen egingo den manifestazioaren antolakuntzan. Hori dela eta, deia zabaldu diete herritar orori makropriektuen aurkako mobilizazio horretara batzeko.

Izan ere, Aiaraldean proiektu energetikoek hautsak harrotu badituzte ere, Arabako hainbat taldek elkartu dituzte indarrak salatzeko egitasmo askoz gehiago daudela salatzeko.

Gauzak horrela, manifestazioaren antolatzaileek honako aldarrikapen hauekin batu dira:

  • Makroproiektu guztiak -fotovoltaikoak, eolikoak, AHT...- bertan behera gera daitezela, bai berriki aurkeztutakoak, eta baita izapidetzea aurreratuago dutenak ere.
  • Enpresa handiek sustatzen duten lurraldearen harrapaketa gera dadila, eta Administrazioak ezinbestekoa den lurraldearen plangintza eta antolamendua egin dezala, ez guk eta ezta etorkizuneko belaunaldiek ere ez dezagun gure lurraldea eguzki-plaka, errota eoliko eta hormigoi itsaso bihurtuta ikusi.
  • Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak gure lurraldearekin espekulatzeari utz diezaiotela, eta haren defentsan apustu garbia egin dezatela; Araban bizitzen jarraitu nahi dugu.
  • Ezkutatze praktikak bertan behera utz ditzatela eta informazioa garbi helaraz diezaiotela gizarte osoari.

Halaber, azpimarratu dute makroproiektu horiek inpaktu ekosozial izugarria dutela, eta oso kezkagarriak direla biodibertsitatea, laborantza lurrak, basoak eta larreak galtzearen ondorioak. Landa bizitzaren aldeko apustua egin duten pertsonak lurraldetik atera arazten ari dira eta landa-garapen iraunkorreko proiektuak suntsitzen; azken batean, pertsona horiek beren etxeak, herriak eta lurrak uztera behartzen ari dira.

Egitaraua

Berez, ekintzak ez dira mugatuko larunbatera. Adibidez, gaur informazio puntua jarriko dute goiz eta arratsaldez eta bihar ere. Horrez gain, bihar 17:00etan kantaldia prestatuko dute eta ondoren Aroa Arrizubietak, Oihane Pereak, Eukene de los Airesek eta Unai Andak bertso saioa egingo dute.

Larunbatean bertan goizeko 10:00etan plataformen materiala salgai izango dute eta haurren txokoa ere irekiko dute. 16:30ean kalejira abiatuko dute Kutxi kaleko sarreratik eta Bilbo plazarantz joko dute, non manifestazioa hasiko den 18:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide