Ikasturte hasierarekin batera hasten da Arabako Odol Emaileen Elkartea odol emate kanpainarekin. Eskualdean, Laudion azaroan zehar izango da odola emateko aukera eta abenduan Amurrion. Hiru kanpaina izaten dituzte urtero: urte hasieran, udaberri inguruan eta urte amaieran.
Odola egunero behar da ospitaletan eta ez larrialdietarako bakarrik, ebakuntzak egiteko eta laborategietan sendagai eta txerto berriak lortzeko ere behar izaten da. EAE osora zabaltzen da beharra. Egunero biltzen den odola Galdakaoko Transfusio eta Giza Ehunen zentrora eramaten da eta handik banatzen da ospitaleetara, beharrizanaren arabera. Gaur egun, 500 odol-emaile beharko lirateke egunero, dauden beharrak asetzeko.
Odola emateko baldintza batzuk ezinbestekoak dira. Adin nagusikoek soilik eman dezakete odola. Emaile ohikoek 65 urte izan arte eman dezakete, eta ohikoak ez direnek 60 urte arte. Donazio bakoitzean 450ml odol ateratzen dira. Beraz, odola ematen duen pertsonak 50 kilo pisatu behar ditu gutxienez. Emakumeek urtean hiru aldiz eman dezakete eta gizonek lau aldiz. Horrez gain, ezinbestekoa da janda joatea. Baldintza guztiak betetzen badira 7-10 minutu behar dira odola ateratzeko.
Errelebo falta eta belaunaldi berriak lortzea da zailena, Aiala Elorza Arabako odol-emaileen elkarteko arduradunak adierazi duenez. “Zaila izaten da dagoen beharra ikustaraztea”. Hala ere, eskualdean oso finkatuta dago odol ematea eta herrien artean distantzia txikiak izateak laguntzen du horretan. Laudio eta Amurriora hiru aldiz etortzen dira urtero. Laudion azaroko sei egunetan izango dira eta abenduan joango dira Amurriora, oraindik fikatzeke dauden datetan.
Hauek dira Laudioko odol emate egunak:
- Azaroak 4: Aldai plaza (16:45-20:00)
- Azaroak 18: Aldai plaza (16:45-20:00)
- Azaroak 21: Ugarteko plaza (16:45-20:00)
- Azaroak 25: Aldai plaza (16:45-20:00)
- Azaroak 27: Areta (16:45-20:00)
- Azaroak 28: Aldai plaza (16:45-13:00)