Aiaraldean ere gizartea mobilizatzen ari da Valentzian gertatutako hondamendiaren biktimak laguntzeko (jadanik 200 hildako baino gehiago daude). Hain zuzen, atzo 14:00etan Amurriotik abiatu zen boluntario talde bat eta gaur Unai Etxebarria trikitilariak ere furgoneta bat kargatu eta hara jo du.
Interesdunek aukera izango dute laguntza bideratzeko, bihar ere elkartasun bidalketa egingo baitute. Alegia, bihar 17:00ak arte tartea egongo da material ekarpena egiteko Laudion. Printzipioz, maskarak, eskularruak, ur edangarria eta erratzak (lokatza kentzeko) dohaintzan emateko deialdia zabaldu dute. Horretarako 608 170 724 (Juan) telefonorekin harremanetan jarri beharra dago.
Biharko egitasmoa Espainiako Estatuko taxisten elkarte batek antolatu du eta laudioar batek eramango du bildutakoa Madrilera. "Aurretik Ukrainara materiala eramateko prestatu ginen", aipatu du gidariak. DGT-k baimena emanez gero, igandeko 04:00ak aldera abiatuko dira taxistak karabana osatuta, Valentzian dena uzteko.