Haurrentzako jolasak, herri bazkariak, txapelketak, kontzertuak… denetariko ekintzez gozatzeko aukera egongo da datorren asteburuan Zollo eta Lezaman, bi herri horietako jaiak ospatuko baitira.
Ohiko egitarauak mantenduko dituzte bi tokietan. Zollon ostiralean (azaroak 8) hasiko da festa. Arratsaldeko zortzietan jaurtiko dute txupinazoa, eta Elortegi Anayen eta Orkresta Elektrotunaren emanaldiak egongo dira jarraian.
Larunbatean, aldiz, goizetik gauera arte luzatuko da egitaraua, ondorengo ekintzekin: puzgarri eta tailerrak Kirikiño aisialdi taldearen eskutik, Arguiako Jasoka herri kirol taldearen erakustaldia eta Nafarroa Kanta Taldearen emanaldia. Gauean, aldiz, Alarma Morea, Beranduegi eta DJ Pipi igoko dira frontoiko oholtzara.
Aurreikusi daitekeenez, larunbatean bertaratuko da jende gehien Zollora, baina jaia ez da egun horretan amaituko. Kitturen emanaldia egongo da igandean, Etxebarria aita-semeen emanaldia eta bertso parrillada astelehenetan eta hurrengo larunbatean (azaroak 16) ohiko herri bazkariaren bueltan bilduko dira bizilagunak.
Lezaman, asteburu bakarra
Lezaman, aldiz, asteburu bakarrean bilduko dituzte jarduera guztiak. Larunbatean (azaroak 9) hasiko da jaia, ziklo-krosarekin. Jarraian egingo dituzte bazkaria, dantzaldia, herri jolasak, Etxebarria aita-semeen emanaldia eta afaria. Gaua girotzeaz, aldiz, Belgorri talde amurrioarra, Gautegun erromeria eta Blessive DJa arduratuko dira.
Igandean mendi ibilaldiarekin hasiko dute eguna; eta ondoren egingo dituzte meza, zozketa, 65 urtetik gorakoentzako bazkaria eta mus txapelketa. Astelehenean, aldiz, briska txapelketa eta txokolate jana egingo dituzte, Martin Deuna ospatzeko.
ZOLLOKO JAIEN EGITARAUA OSORIK
Azaroak 8, ostirala
20:00 // Txupinazoa
20:30 // Elortegi anayak, tabernak antolatute
22:30 // Orkresta Elektrotuna
Azaroak 9, larunbata
11:30 // Puzgarri eta tailerrak Kirikiño aisialdi taldeagaz
13:00 // Arguiako Jasoka herri kirol taldien erakustaldie
20:00 // Nafarroa Kanta Taldea 22:00 // Kontzertuek: Alarma Morea, Beranduegi, DJ Pipi
Azaroak 10, igandea
13:00 // Kittu Basque Street Folk
Azaroak 11, astelehena
12:00 // Etxebarria aita-semiek
19:30 // Bertso parrillea: Iker Garitagoitia eta Izar Mendiguren
Azaroak 16, larunbata
15:00 // Herri bazkarie Roberto, Idoia eta Miren trikitilariekaz
22:00 // Jaien amaierako txupinazoa
LEZAMAKO JAIEN EGITARAUA OSORIK
Azaroak 9, larunbata
11:00 // Ziklokrosa
14:30 // Bazkaria
16:00 // Dantzaldia Iñaki Otegirekin
16:30 // Herri jolasak
18:30 // Etxebarria aita-semea trikitilariak
21:00 // Afaria, parrillada
23:15 // Belgorri, Gautegun erromeria Blessive DJ
*Doako autobusa eskainiko dute eta tiketak Kultura Etxean eskatu beharko dituzte interesdunek. Irteera 23:15ean eta itzulera 06:15ean
Azaroak 10, igandea
10:00 // Mendi ibilaldia
12:00 // meza
12:30 // Zozketa
14:00 // 65 urtetik gorakoentzako bazkaria
16:30 // Mus Txapelketan izen-ematea
17:00 // Mus Txapelketa
Azaroak 11, astelehena
17:00 // Briska txapelketa
18:30 // Txokolate jana