Azaroaren 14an amaituko da epea Errigorako udazkeneko kanpainaren saskiak eskatzeko, hemen, hain zuzen. Edonola ere, Aiaraldea Komunikabideak euskararen aldeko ekimen honen hiru kutxa eskuratzeko aukera emango du zozketa bidez, hemen.
Saski beltzean piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomatea, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaren mantekatuak daude, 55 eurotan.
Saski berdean, berriz, piperrak, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo-ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, teila eko eta Haritz ardo beltza bildu dituzte, 65 euroko prezioan.
Eta, azkenik, saski gorrian Rose ardo apartsua, ardo beltza, kriantza, ardo txuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molineritoak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi-gazta daude, 75 euroren truke.
"Eman bultzada, indartu euskara. Agerreko uzta euskarari puzka" lemapean, Agerreko (alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko) produktuz osatutako hiru saski eskainiko ditu Errigorak, eta eskuratzen duten diruaren %25 bideratuko dute zonalde horretako euskalgintza bultzatzera. Ohi bezala, Faktoria kutxen banaketa gunea izango da oraingoan ere.