ERREPORTAJEA

Dilema zaharrak, aukera berriak

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko aza. 13a, 07:00

Azken hamarkadetan, ezkontza ereduak eboluzionatu duen modu berean eboluzionatu egin du ezkontza kopuruak ere. / Xabi Goitia eta Xandra Leon

Kontrakoa iruditu arren, behera egin du azken urteetan ospatzen diren ezkontzen kopuruak. 1970eko hamarkadatik hona %65 gutxiago dira eskualdeko ezkongaiak. Eustaten azken estatistiken abagunea probestu dugu Aiaraldeko ezkontza eta familia ereduei erreparatzeko.

Akaso jasoko zenuen batean edo bestean parte hartzeko gonbita. Ziurrenik Instagrameko story-ak ikusteaz gogaituko zinen honezkero. Edo baliteke zu izatea protagonista. Alde batean edo bestean egon zaren horri, zorionak; aurtengoan ere biziraun diozu ezkontza sasoiari.

Ingurura begiratuta, badirudi etengabe haziz doan fenomenoa dela ezkontzena, geroz eta jende gehiago ezkontzen dela. Horrek kezkatzen bazaitu, egon zaitez lasai, datuek kontrakoa adierazten dute. Baliteke soilik, geroz eta pertsona ezagun gehiago ezkontzea, ez besterik.

Ezkontza kopuruak behera

Hori adierazten du Eustatek argitaratutako azken neurketak. Araban, Bizkaian ena Gipuzkoan %7 egin zuten behera ezkontzek 2023an, aurreko urteko datuekin alderatuta. Orotara 7.022 ezkontza egon ziren Euskal Autonomi Erkidegoko hiru lurraldetan, 2022an baino 534 gutxiago.
Ezkontzaz inguratuta igaro dituzun azken hilabete hauen ostean, hori nola den posible galdetuko diozu zure burari. Pandemiaz geroztik mota honetako ospakizunen gorakada bat egon da bai, baina soilik 2020an ezkontza gehienak bertan behera gelditu zirelako. 2019arekin alderatuta %2,8 egin dute behera ezkontzek.

Aiaraldean ere agerikoa da bilakaera hori. Eta are nabariagoa da beherakada XX. mendeko azken hamarkadetako dautekin alderatuz gero. Iaz 192 izan ziren ezkondu ziren eskualdeko bederatzi udalerrietako pertsonak, 2022an baino 53 gutxiago. 1976an, ordea, 537 izan ziren ezkontzea erabaki zuten aiaraldearrak.

Ohitura aldaketak

Ezkontzen nolakotasunak ere eboluzionatu egin du azken 60 urteetan. Geroz eta gutxiago dira elizatik egiten diren ezkontzak. Kontrara, azken hamarkadetan ezkontza zibilek hartu dute pisua. Eustaten datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezkontzen %90,5 zibilak izan ziren. 1993an, ordea, %26,9 ziren zibilak soilik.

Ezkongaien bataz besteko adinak ere bilakaera izan du azken urteetan. Geroz eta nagusiagoak dira ezkontzea erabakitzen duten pertsonak. Gizonezkoen kasuan 38,8 urte dira ezkontzeko bataz besteko adina, emakumezkoen kasuan 36,7 urte. 1970 edo 1980ko hamarkadetan, aldiz, ohikoena 30 urte bete aurretik ezkontzea zen, 27 urterekin bataz beste.

Hamaika familia

Ohiturak gorabehera, garaiak aurrera, iruditegi kolektiboan sakon barneratuta dago ezkontzea beste alternatibarik ez dagoela gizarte honetan ganoraz eta artez enkajatzeko. Baina, datuek bezala,  eguneroko errealitateak ere erakusten du hori ez dela guztiz egia. 

Hamaika dira eskualdeko herri eta kaleetan aurkitu ditzakegun familia eta harreman ereduak: inoiz ezkondu ez direnak, guraso bakarreko familiak, errege-etxearen tamainako ezkontza ospatu zutenak, bikote harremanik ez dutenak… zenbat buru hainbat aburu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide