Zer da Eskuara proiektua?
Asier Amondo: Arabako Foru Aldundiak Lanabes programa sortu zuen, Arabako alor sozioekonomikoan euskara sustatzea helburu duena. Saltokiak eta enpresak txertatu nahi zituen egitasmo horretan, enpresa eta merkataritzaren munduan euskararen erabilera areagotzea bilatzen zen. Gerora Eskuara proiektua etorri zen. Hori 50 langiletik gorako enpresetan dago fokalizatua gehienbat, enpresa horietan euskararen erabilera areagotzeko eta bakoitzak zer gabezia dituen ikusteko.
Guk aholkularitza eskaintzen dugu. Enpresetara joaten eta enpresei proiektuaren nondik norakoak azaltzen saiatzen gara, bertan parte har dezaten animatzen ditugu. Doako zerbitzu bat da eta enpresa batek proiektuan sartzea onartzen duenean, hiruzpalau esku-hartze egiten ditugu, diagnostiko bat egiten laguntzen diegu, dituzten gabeziak identifikatu eta eurek zer egin nahi duten ikusi. Enpresak borondatez egiten duen zerbait da. Enpresak euskararen erabilera areagotu nahi badu, guk lehen pauso hori ematen laguntzen dugu.
Nola sortu zen proiektu hau?
Asier Amondo: Kezka batetik abiatu zen proiektua, arrakala batetik. Guk euskaraz ikasten dugu, euskaraz burutzen ditugu gure ikasketa guztiak, baina enpresetara praktikak egitera goazenean, normalean gazteleraz egin behar dira, ez dagoelako ezer arauturik horren inguruan. Kezka sortu zen, batez ere arrakala handia dagoelako ikasketa mundutik lan mundura pasatzerako orduan, lan mundua erabat erdalduna delako. Lan mundua pixkanaka euskalduntzen joatea bilatzen du proiektuak.
Zertan aritzen zarete zuek proiektuaren barnean?
Aitziber Alava: Taldean bost kide gara. Gasteizen 3 kide daude eta Gasteiz eta inguruko enpresetan ibiltzen dira. Aiaraldean Asier eta biok gabiltza, Gasteiztik kanpo dauden enpresetan lan egiten.
Asier Amondo: Gurea kaptazio lana da batez ere, Eskuara proiektua enpresei aurkeztu eta enpresak animatzea proiektura atxiki daitezen.
"Kezka sortu zen, batez ere arrakala handia dagoelako ikasketa mundutik lan mundura pasatzerako orduan"
Zer behar ikusi ziren euskararen erabilera enpresetan sustatzeko?
Asier Amondo: Enpresak funtzionamenduan oso erdaldunak dira. Hemen lekukotuta egon arren, askok eta askok webgunea ere ez dute euskaraz. Langileekin egiten dituzten komunikazio gehienak gazteleraz egiten dira. Enpresa munduan denetarik dago egiteko. Haiek ere etekin eta onura moduan ikusi behar dute euskaraz funtzionatu ahal izatea. Askotan aipatu digute proiektuan parte hartu duten enpresek, arlo batzuetan euskaraz aritzeak plus bat ematen diela bezeroarekiko.
Zein da proiektuaren funtzionamendua edo erabiltzen diren baliabideak?
Asier Amondo: Momentu honetan baliabide pertsonalak daude, eskualdean Aitziber eta gu gara. Baditugu hainbat erreminta sortuta: galdetegiak, enpresen diagnostikoak egiteko euskarriak... Batez ere, enpresara hurbiltzen gara, haiekin egoteko, zer egiten ari diren ikusteko eta zer hobekuntza planteatu daitezken aztertzeko.
Aitziber Alava: Gu aurpegia gara, baina atzetik talde handia dago itzulpenak eta bestelako lanak egiten.
Asier Amondo: Enpresei zerbitzu batzuk eskaintzen zaizkie, doakoak direnak, eta tartean dago itzulpengintza zerbitzua. 10.000 karakterera arte itzuli ditzakete dituzten euskarriak. Horrez gain, hizkuntza paisaia, dituzten dokumentuak eta protokoloak aztertzea, eta aldaketak ematea dira ditugun baliabideak. Arlo gehienetan informazioa gazteleraz dute enpresek. Gure helburuetako bat, “Comunicación” jartzen duen lekuan “Komunikazioa” jartzea edo “Recursos Humanos” jartzen duen lekuan “Giza Baliabideak” jartzea da. Horrelako aldaketa txikitxoak egitea baina, aldi berean, deigarriak izan daitezkeenak.
Eskualdeko zein enpresetan jarri duzue martxan proiektua?
Asier Amondo: Momentu honetan 28 enpresa daude Araban. Eskualdean, aurreko ikasturtean Iza Igogailuak sartu zen eta beraiekin jarraitzen dugu oraindik. Beste askorekin ere ari gara. Harremanak izan ditugu oso enpresa ezberdinekin. Lehen aipatu dudan moduan, 50 langiletik gorakoak izan behar dira eta hemen inguruan baditugu horrelakoak. Baina eskualdean estrategikoak izan daitezken bestelako enpresa batzuekin ere ari gara.
Emaitzak ikusi dira?
Aitziber Alava: Iza Igogailuak enpresan aitortu zuten euskaraz erantzuten dutenean bezeroekin bestelako harremana daukatela, oso sinplea den zerbait da. Bertan ere euskara batzordea sortuko dute eta hortik ere langileen arteko harremanak zaintzen hasiko dira euskaraz, beste ikuspuntu batetik. Enpresek euren neurrira egiten dutenez, aukerak oso zabalak dira.
Asier Amondo: Bai, ikuspegi formala eta ez formala bereiztu behar ditugu. Aipatu ditugu itzulpenak, dokumentazioa, hizkuntz paisaia... baina Eskuarak ere bestelako tresna batzuk eskaintzen dizkie. Esaterako, langileen artean berba-tratuak egitea, hau da, euskaraz dakiten langileen artean euskaraz egitea. Bestelako tresna edo baliabide batzuk eskainiko dizkiegu haien artean euskaraz harremanak sakon ditzaten.
Zer arlo edo esparrutan sumatzen dira aldaketa gehien?
Asier Amondo: Zaila da esatea, errealitate oso desberdinak topatu ditugu. Adibidez, badaude lantegi batzuk non praktikaldiak egiteko beti ikasle euskaldunak eskatu dituzten, eta beste leku batzuetan euskalduna izatea da kontrataziorako baldintzetako bat. Batzuek oso euskara maila aurreratua dute, beste batzuek ez horrenbeste eta beste batzuek langile erdaldunei eskaini dizkiete tresnak lehenengo hitza euskaraz egiteko… Errealitateak oso anitzak dira eta hori ere polita da ikusten duzulako batzuek kezka hori izan dutela.
Aitziber Alava: Bai, komunitatea sortzen ari dira eta ate berriak irekitzen.
"Enpresara hurbiltzea, haiekin egotea, zer egiten ari diren ikustea eta zer hobekuntza planteatu daitezken aztertzea da proiektuaren funtsa"
50 langile baino gehiagoko enpresetan hasi zen proiektua, orain zenbat langileko enpresekin zabiltzate lanean?
Asier Amondo: Helburua 50 langiletik gorako enpresak dira, baina egia da horiek zailenak direla. Horietan tematuko gara bereziki. Baina badaude enpresa txikiagoak estrategikoak izan daitezkeenak eskualdean. Arabako Txakolina izan daiteke edo beste enpresa batzuk kanpora begira ikusgarritasuna dutenak. Horiengana ere jo nahiko genuke.
Zer egin behar du enpresa batek proiektuan sartu nahi badu?
Asier Amondo: Gurekin harremanetan jartzea. Baten batek interesik badauka Laudioko AEK euskaltegitik pasa daiteke eta gurekin egon. Hainbat enpresetan aurkeztu dugu proiektua eta erantzunen zain gaude kasu askotan. Egon daitezkeen enpresa guztiak animatu daitezela, ekimen polita da, ez die lan askorik suposatuko eta guk lagunduko diegu bidean.