DAVID RODRIGUEZ PEÑA

"Trikitia eta panderoa jotzen duten aiaraldear ugari daude, baina ez dira kalera ateratzen"

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 15a, 11:00

David Rodriguez Peña, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

DAVID RODRIGUEZ PEÑA (Areta, 1992) Aiaraldeko III. Trikitixa Topaketaren antolatzaileetako bat da eta ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu.

Zergatik erabaki zenuten topaketa hauek antolatzea?

Egitea erabaki genuen ikusten genuelako gure eskualdean badagoela jende nahikotxo trikitia eta panderoa jotzen, baina ez dira kalera ateratzen. Gure asmoa da lagun horiek guztiak animatzea elkarrekin kalera ateratzera eta jotzera. 

Nola baloratzen duzue orain arteko ibilbidea?

Orain arteko balorazioa ez da txarra, baina ez nuke esango oso ona izan denik. Izan ere, badakigu eskualdean badaudela irakasle dezente eta ez dira animatzen ez eurak ez euren ikasleak parte hartzen topaketan, baina ezin dugu askoz gehiago egin. Guztiak gonbidatzen ditugu, baina eurek dute azken hitza.

Zuen helburuetako bat da euskal kulturaren arlo hau indartzea. Zein da bere egoera gaur egun Aiaraldean, zuen ustez?

Gure helburua da trikitiaren eta panderoaren mundua indartzea eskualdean. Badago jendea eta atera behar da kalera, gure ustez.

Batzuentzat trikitia bizimodu bilakatu da nolabait. Nolakoa da bide hori hartzen duen trikitilari baten bizitza?

Nik hitz egin dezaket nire izenean. Egia esanda, nik trikia ez banu joko, sumatuko nuke zerbait faltako litzaidakeela bizitzan. Urte pilo daramatzat trikia eta, bereziki, panderoa jotzen; eta asko mugitzen naiz mundu honetan.

Nahiz eta ez jo edo bazkarian ez egon, jendea topaketan parte hartu dezake, ez? Noiz proposatuko zenioke jendeari agertzea bihar?

Nahiz eta ez etorri bazkaltzera, edozein unetan etor daitezke, bai jotzera zein egotera. Adibidez, 11:30ean kalejira dugu herriko plazatik eta etor daitezke triki poteora. Bestalde, bazkariko tiketik ez duena bertaratu daiteke Gaztetxera 16:00etan, adibidez. Gurekin gozatzeko aukera izango dute eta ongi etorriak izango dira. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiogu Amurrioko Gaztetxeari ekitaldia hartzeagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide