Aiarako Kuadrillako ingurumen-sailak bat egin du aurten ere Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin. Egitasmoa azaroaren 16tik 24ra bitartean dago indarrean Europako herri eta eskualdeetan sortzen dituzten hondakinen inguruko ohitura arduratsuak sustatzen jarraitzeko helburuarekin.
Aiarako Kuadrillaren kasuan, zenbait ekimen abiatu dituzte hondakinen kopurua murrizteko eta herritarrak xede horretara erakartzeko. Esaterako, atzo jakinarazi zuten Kuadrillako Instagram kontuaren bidez (@aiarakokuadrilla) bertako produktuez osatutako saski bat zozkatuko dutela. Parte hartzeko, Aiarako Kuadrillaren kontua jarraitu eta aste osoan zehar egingo den galdera bakarrari erantzun besterik ez da egin beharko. Azaroaren 22a izango da horretarako azken eguna, ostirala.
Konpostajea
Landuko duten beste esparru bat konpostajea izango da, hondakin organikoak baliatzeko. Eskualdeko hainbat tokitan hitzaldiak eta aurkezpenak deitu dituzte, kartelean ikus daitekeenez:
Gainera, online bidezko trebakuntza eskainiko dute. Saio horietan parte hartzeko cayala.medioambiente@ayto.araba.eus helbide elektronikora idatzi beharra dago eta parte hartzaileen artean bi konpostagailu zozkatuko dituzte.