Goizeko lehenengo orduan inprentatik atera berri da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren azken zenbakia, 208.a alegia. Orotariko gaiak lantzen ditu agerkariak bere 32 orrietan sakabanatutako elkarrizketa eta erreportajeen bidez.
Unitate didaktikoa sortu du Maitane Perezek, ikastetxeetan ipuina lantzerako orduan lagungarria izan dadin
Maitane Gomez Perez amurrioarra jaso dugu hamabostekariko azalean. Haizene eta oroitzapenen indarra ipuina kaleratu berri du Perezek, haurrekin dolua lantzea helburu duen liburua. Elkarrizketan ipuina idazteko arrazoiak aletu dizkigu. Gainera, unitate didaktikoa ere sortu du amurrioarrak, ikastetxeetan ipuina lantzerako orduan lagungarria izan dadin.
Elkarrizketa gehiago ere bildu ditugu agerkarian. Marisa Fernandezek Artziniegako osasun zentroko ateak ireki dizkigu. Izan ere, 41 urtez izan da Artziniegako erizaina, eta erretiroa hartzeko une iritsi zaio orain. Herriko bizilagun eta pazienteek agur festa antolatu diote.
Gai gehiago
Badira sakonean landu ditugun beste gai asko ere. Horien artean dago Amiantec 3000 enpresako langile ohiekin batera osatutako erreportajea. Urriaren 15ean Mohamed Lazraq urduñarra hil zen Amurrioko enpresa horrentzat lanean ari zela. Langile ohiek lantegiko lan baldintza okerren inguruan hitz egin dute.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da argitalpena eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.