Erretiroa hartu berri duzu, eta herri bazkaria antolatu dute zuri agur esateko.
Egundoko sorpresa izan zen, kasualitatez jakin nuen. Poteatzen ari nintzela norbaiti eskapatu egin zitzaion bazkaria antolatzen ari zirela. Oso hunkigarria da, baita ustekabekoa ere! Oso sorpresa atsegina izan da.
Ospakizun honek balioan jarriko du, nolabait, urte luze hauetan egindako lan ona.
Suposatzen dut profesional orok bezala egin dudala lan. Ni nire lanaz maiteminduta nago, asko botako dut faltan. Zu lanean ari zarenean ez duzu kuestionatzen ondo edo txarto ari zaren, ahalik eta hobekien egiten duzu, zure jendearen alde.
“Osasun zentroko nire kontsulta konfesatoki baten modukoa izan da; gauza asko kontatu dizkidate, jende askok hustu ditu barrenak, gauza asko dakizkit nik…”
Norbaiti otu zaio herri bazkaria antolatzea, imajinatzen dut baietz, egindako lana balioan jartzeko izan dela. 41 urte dramatzat lanpostu berdinean, herritarrak, bloke familiarrak edota alboko etxean bizi den laguna zaintzen. Gaixotasun organiko bat tratatzea “erraza” da: hemen dut mina, ebakuntza egin behar didate… Baina alderdi emozionalera iristeko ezinbestekoa da jendea ondo ezagutzea. Beraz suposatzen dut horregatik egin dutela. Osasun zentroko nire kontsulta konfesatoki baten modukoa izan da; gauza asko kontatu dizkidate, jende askok hustu ditu barrenak, gauza asko dakizkit nik…
41 urte igaro dituzu Artziniegako osasun zentroan. Nolakoak izan ziren hasierako garai haiek?
Ez dute gaur egungoarekin zer ikusirik. 1979. urtean bukatu nituen ikasketak. Ni gasteiztarra nintzen, Gasteizen ikasi nuen, eta nire promozioa erizaintzako azken promozio ez-unibertsitarioa izan zen. Ez zuten goi-mailako batxiler titulurik eskatzen. Hiru urteko ikastaroa zen, diplomatura baten antzekoa. Nire promozioa oso handia izan zen, 80 ikasle inguru ginen. Izan ere, promozio horrekin bete nahi zituzten eraikitzen ari ziren Txagorritxuko ospitale berriko beharrak. Are gehiago, ikasle ginela kontratatu egiten gintuzten laguntzaile gisa aritzeko.
Ikasketak bukatu eta 15 egunera landa-eremura lan egitera joateko deia jaso nuen. Nire lehenengo lana uda-giroko txaletez betetako zonalde batean izango zela saldu zidaten. Okondora bidali ninduten. 19 urterekin Barrerillako portua jaitsi nuen autobusean. Gaur egun erridikulizatzen dut, baina nire burua Paco Martinez Soria bezala irudikatzen nuen, maleta eskuan (barreak). Okondora iritsi nintzenean ez zen inondik inora imaginatzen nuena. Egundoko beroa egiten zuen eta kale nagusia altxatuta zegoen alderik alde obrak zirela eta. Ez zegoen inor kalean. “Zer egiten dut nik hemen?” galdetzen nion nire buruari. Gaur egun 19 urteko gazteek mundu asko ikusi dute, ni etxetik ateratzen nintzen lehenengo aldia zen. Alkatearen bila joan nintzen, nire burua aurkeztu eta lo-egiteko toki bila. Urtebete egon nintzen Okondon lanean. Ezkondu egin nintzen, lana utzi nuen… hori beste istorio bat da.
1983. urtean jakin nuen Artziniegako osasun zentroko erizain postua libre geratuko zela. Nire ikaskide izandako batek zuen postua eta alde egitea erabaki zuen. Curriculuma bidali nuen eta hemen lan egiteko deia jaso nuen. Gaur arte.
Erraz esaten da.
Oposaketa gainditu behar izan nuen, plazak eta postuak aldatuz joan dira… baina funtsean bai, 41 urte egin ditut Artziniegan. Kotizatutako urteek, aldiz, sententzia bat dirudite: 42 urte, 3 hilabete eta 21 egun (barreak).
Imajinatzen dut sententzia bat izatetik oso urrun egon direla urte hauek guztiak.
Guztiz kontrakoa, bai. Bokaziozko lana izan da hau. Gutxika gutxika bokazio bilakatu den lana. Hasieran, erizaintza ikasteko frogetara aurkeztu nintzenean oso urduri nengoen. Odola ikuste hutsarekin zorabiatu egiten nintzen. Ikasketen lehenengo urtea gogorra izan zen (barreak).
Lanean hasi zinenean, nolakoak ziren baldintzak?
Hutsik zegoen mundua zen hau. Ez zegoen materialik, ez zegoen urik, ez zegoen lokal egokirik… Erizain lana egiteko materiala farmaziatik eskuratu behar genuen, medikuaren errezeten bidez. Osasun zentroa frontoi alboko lokal txiki batean zegoen.
"Hasierako urte haietan neskato baten modura ikusten ninduten, baina, azken finean, haiekin batera zahartu naiz ni ere, bizitza osoa eman dut haiek zaintzen"
Mendebaldeko herri baten modura gogoratu duzu Okondo. Nolakoa izan zen zure iritsiera Artziniegara?
Hasiera ez zen bereziki erraza izan, laboralak ez ziren arrazoiengatik. Nire senar ohia medikua zen, eta Artziniegara iritsi ginenean aldaketa politiko sakonen garaia zen. Lehenengo alderdi politikoak sortzen hasiak ziren, baina oraindik ere herriko figura inportanteak ziren egoeraren kontrola hartzen zutenak.
Nire senar ohia lanean hasi aurretik, hemengo medikua UCD alderdiko senataria zen Madrilen. Gizon horrek asko bidaiatzen zuen Madrilera, eta bere hutsunea betetzeko alderdiak edo ez dakit nork beste mediku bat jartzen zuen. Nire senar ohiak plaza lortu zuenean, ordea, presio handia egon zen herriko sektore baten aldetik ordezko lanak egiten zituen beste medikuak jarrai zezan. 1980an izan zen hori.
Nire senar ohiak oposizioak suspenditu zituen gerora, eta herritik alde egin behar izan zuen. Une berean lortu nuen nik erizain postua Artziniegan, lehen esan bezala, 1983an.
Gutxika gutxika joan nintzen jendearen oniritzia eta konfiantza lortuz. Oraingoa baino askoz herri txikiagoa zen Artziniega. Baina imajinatzen dut ni baino 10-15 urte nagusiagoak diren herritarrak direla asteburuko omenaldiaren atzean daudenak. Hasierako urte haietan neskato baten modura ikusten ninduten, baina, azken finean, haiekin batera zahartu naiz ni ere, bizitza osoa eman dut haiek zaintzen. Haiek dira gehien estimatzen ditudan pazienteak.
Nabaritzen duzu desberdintasunik paziente batzuen eta besteen artean?
Denak maite ditut. Desberdina da gerora herrira etorri direnekin. Hemen badira ni baino 15 urte gutxiago duten pazienteak. Baina iritsi direnerako ni heldua nintzen, herriko erizaina ezbairik gabe. Tratua desberdina dela igartzen dut.
Nola aldatu da landa eremuko lehen arreta zerbitzua urte hauetan guztietan?
Ez du zerikusirik nik topatu nuena orain atzean uzten dudanarekin alderatuta. Nire hastapenetan erizaina medikuaren aldamenean edo atzean zegoen figura zen soilik. Medikuaren itzala. Orain hori zeharo aldatu da. Erizainok autonomia osoa daukagu, gure lanak ondo definituta daude. Jarduera protokoloak ditugu orain, gaixo kronikoen jarraipena egiten dugu… Garapen informatikoa ere izugarria izan da. Bere garaian agenda batekin ibiltzen ginen gora eta behera, orain momentuan jakin ditzakegu ospitalean egindako azterketen emaitzak. Ni hasi nintzenean mediku eta erizain bakarra geunden Artziniegan. Gaur egun atzean uzten ditut mediku zoragarri bat, etxerako moduko administrari bat eta laugarren mailako mediku egoiliar bat. Nire postuan egongo den erizaina ezagutzeko aukera izan dut ere. Oso lantalde sendoa da. Oso pozik egon naiz lehen arretan lanean, ez nuke beste zerbaitengatik aldatuko. Lehen arreta indartsu egotea ezinbestekoa da, eta azken aldian osasun arduradunek ez dute oso ondo zaindu.
"COVID-19a gogorra izan zen"
Urte hauetako guztietako uneren batekin geratu beharko bazina, zein aukeratuko zenuke?
Asko daude, lotura oso estuak sortu ditut paziente askorekin. Bidean asko galdu ditut. Beraien etxeetan zendu diren pazienteak jantzi ditut nik. Momentu horiek oso-oso intimoak dira: familiarekin, gaixotasunarekin… Bizitzaren parte da hori, denok dakigu jaio egin garela, eta denok dakigu hilko garela. Halaber, gauza ororen gainetik COVID-19ak suposatu zuen erronka nabarmenduko nuke. Oso gogorra izan zen: isolamendua, beldurra, jendearen aurpegia ez ikustea… Artziniegako osasun zentroan aurrez aurre ahalik eta gehien lan egitearen alde egin genuen. Gogorra izan zen. Paziente batzuk galdu genituen, beste batzuk ospitaleratu behar izan zituzten. Gogorra izan zen bai. Nirekin lan egiten zuen medikua haurdun zegoen, eta etxetik egin behar izan zuen lan, askotan bakarrik ikusten nuen nire burua. Gauean txaloak entzutea ere oso hunkigarria zen. COVID-19a gogorra izan zen.
Etapa bat itxiko duzu orain. Pentsatu duzu zer egin aurrerantzean izango duzun denborarekin?
Egia esan, ez dakit. Iragan astelehena izan zen nire azken eguna, eta izugarrizko lan zama izan genuen. Uste nuen lan gutxi izango nuela eta ate nagusitik atera nintzen. Bihotzeko bat artatu behar izan genuen, kontsultako paziente bat ospitalean hil egin zen, etxetik atera ezin diren pazienteak bisitatu nituen agur esateko…
Asteartean lanera bueltatu nintzen, astelehenean bukatu ez nuena bukatzeko. Egun horretan ere goiz mugitua izan genuen osasun zentroan. Beraz, oraindik ere jubilatu ez naizen sentsazioa daukat. Momentuz oporretan nagoela uste dut. Ziur nago asko asko botako dudala faltan nire lana. Informatikan trebatzeko baliatuko dut jubilazioaren hasiera. Bilobak ditut honezkero, familiari ere denbora gehiago eskaini ahalko diot orain. Badakizu, jubilazioan egin ohi diren gauza horiek guztiak (barreak). Espero eta desio dut, hezurretako minak pairatzen hasi aurretik, bizitzak osasun oneko urte gutxi batzuk gehiago eskaintzea, uste dut merezi ditudala.