Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunaren testuinguruan Aiaraldeko plazak eta kaleak hartu dituzte beste urte batez, indarkeriarik gabeko bizitzak aldarrikatzeko.
Eskualdeko udalerri guztietan antolatu dituzte ekimenak. Mobilizazioetatik harago ere, tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak edota performaceak prestatu dituzte datozen egunetarako.
Etenik ez duen gaitza
Emakunderen datuen arabera, 124 erailketa matxista gertatu dira Euskal Herrian 2003az geroztik. Aurten 5 dira, honezkero, gizonen eskuetan hildako emakumeak, azkena duela hilabete: Kayle Villar Pons iruindarra. Erailketak, ordea, etenik ez duen gaitz baten icebergaren punta dira, eta mugimendu feministak urteak daramatza biolentzia forma ororen aurka borrokan.
Artziniegan, esaterako, matxismoak eraildako hainbat emakumeren izen eta abizenak irakurri dituzte, baita adina ere.
Arrankudiaga-Zollon Sua
Orain arte Arrankudiaga-Zolloko Emakume Sarea izan dena eraldatu da eta Sua izendatu dute. Hori irudikatzeko, taldean parte hartzen duten zenbait emakumek herrian bertan edo euren bizitzetan jasotako eraso matxistak salatu eta erre dituzte.
Bortizkeria mota ugari aipatu dituzte, emakumezkoen kontrakoak eta umeen aurkakoak ere.
Interpelazio zuzena
Hain zuzen ere, biolentzia matxista estaltzen duen "egiturazko konplizitatea salatu nahi izan du Euskal Herriko Mugimendu Feministak gaurko egunean egindako mobilizazio eta ekimenetan, “Ez bazara konponbidea, arazoa zara!” lemapean. Interpelazio zuzena egin die mugimendu feministak emakumeen aurkako indarkeriaren konplize diren gizonezkoei, gaurko manfestazio eta elkarretaratzeetan.
Eskualdean ozen entzun da aldarria. Eskualdean barrena ehunka lagun mobilizatu dira zabaldutako deialdi desberdinetan.
Argazkiak: Aimar Gutierrez, Naia Vallejo, Txabi Alvarado, Amaia Pagazaurtundua, Aitor Aspuru, Sua, Aretako Emakumeak, Naiara Otaola