Larunbatean burutu zuten Araba Buru Batzarraren berriketa eta horrek Jone Berriozabal jarri zuen herrialdearen arduren buruan, baina talde osoaren aldaketarekin beste hiru aiaraldear egongo dira jeltzaleen erabakitze organoan.
Eskualdeko hiru ordezkari horiek Ainhoa Campo Arenaza, Ander Añibarro Maestre eta Jonatan Moreno Carranza dira. EAJk azaldu du Araba Buru Batzar berria parekidea izango dela genero aldetik (zazpi emakumezko eta zazpi gizonezkoekin) eta lurralde banaketari dagokionez ere, oreka mantentzen saiatu dela. Aipatu beharra dago hirurak hautatuak izan zirela Eusko Legebiltzarreko zerrendetan joateko aurreko hauteskundeetan.
Gauzak horrela, Aiaraldeko hiru herri ezberdinetakoak dira hautatutako ordezkariak. Ainhoa Campo Arenaza aiararra Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua da. Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako foru-zuzendaria (2019-2023) izan zen aurreko legealdian, baina Arabako Batzar Nagusietako prokuradorea (2005-2007) (2013-2023) eta Aiarako alkatea (2000-2011) ere izan da.
Ander Añibarro Maestre laudioarra Erizaintzan diplomatua da. Egun legebiltzarkidea eta Laudioko EAJren udal-taldeko zinegotzia eta bozeramailea da. Laudioko alkate izan zen aurreko legealdian. Halaber, Aiarako Kuadrillako lehendakariaren tokia hartu zuen 2015 eta 2017 artean eta Eusko Jaurlaritzan Gazteria zuzendari ardurak bete zituen 2017-2019. urteen artean.
Jonatan Moreno Carranza amurrioarra Politika eta Administrazio Zientzietan graduatu zen. Legebiltzarkidea da egun eta Gasteizko Udaleko Arloko koordinatzaile nagusia izan aurreko legealdian. Horrez gain, Araban komunikazio ardurak izan zituen hauteskundeetan.