Iaiaiai irrintzi taldeak aste bizia eta berezia abiatu du. Izan ere, bihar Sukalerrian saioko protagonistak izango dira bere bi kide: Nerea Iglesias eta Gurene Grande, hain zuzen. ETB-1 katean emitituko dute programa 13:15ean. Laudioarra eta orozkoarra kamara aurrean mintzatuko dira Joseba Argiñanorekin taldearen helburuari buruz.
Halaber, irrintzia nola lantzen den ere azalduko dute, eta baita nola eta zergatik sortu zen taldea, zenbat diren, irrintziaren erabilera historikoa zein izan den...
Horrez gain, hurrengo emanaldien inguruan ere hitz egingo dute. Izan ere, Guggenheim Museoan zuzenekoa izango dute aiaraldearrek ostiralean bertan.
MEM jaialdia
MEM jaialdiaren eskutik heldu zaie aiaraldearrei Bilboko museoan aritzeko aukera. Musica Ex Machina festibalak soinu esperimentalak jorratzen ditu eta Iaiaiaiko kideek oholtza partekatuko dute Estoniako, Txinako eta Kataluniako diziplina anitzeko sortzaileekin.
Emanaldia 19:00etan hasiko da auditorioan eta 8 euro balio du sarrerak. Hemen eskuratu daiteke.