Aiaraldeko Etengabeko Arretako Guneetako txanden %18,3an ez zen medikurik egon udan. Hori ondorioztatu daiteke Eusko Jaurlaritzak emandako informazioa ikusita. EAEko ekainetik irailera bitarteko datuak eman ditu Osasun Sailak, EH Bilduko legebiltzarkide batek eginiko informazio eskaerari erantzunez.
Erakunde publikoak azaldu duenez, ezin dute zehaztu zehazki zenbat mediku falta izan ziren toki bakoitzean azarotik maiatzera bitartean, baina uda garaiko datuak plazaratu dituzte.
Horien arabera, ekainetik irailera bitartean 484 txanda egon ziren orotara Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arretako Guneetan (erdia herri bakoitzean), eta horietako 89tan aritu ziren mediku gabe. Zehazki, Amurrion 242 txandetatik 46 geratu ziren hutsik, eta Laudion 43.
Gauzak hala, EAEko batezbestekoa aise gainditu zen Aiaraldean, ia bikoizteraino. Izan ere, Osasun Sailak zehazten duenez, 7.100 txandetatik 712 geratu ziren bete gabe erkidego osoan, %10a baino apur bat gehiago.
Aiaraldeko ehunekoa zazpi tokitan baino ez zen gainditu: Errenteria-Iztietan (%23,9), Zarautzen (%30,9), Hernanin (%33,8), Basauri-Ariz (%34,2), Donostiako Bengoetxea EAG (%41,3), Amara Berri errefortsu puntua (%86,1), Groseko errefortsu puntua (%91,6).
Hauek dira betetako eta bete gabeko txanden kopurua tokiz toki: