Aurtengo uzten nolako balorazioa egingo zenuke?
Mahatsari dagokionez ez da uztarik onena izan kantitate eta kalitate aldetik. 2022ko uzta bikaina izan zen, 735.000 mahats kilo bildu ziren eskualdean. 2023an uztaren jaitsiera handia izan genuen, %46koa, 396.000 kilo mahats bildu ziren. Aurten, aurreko urtearekin alderatuta, %10eko jaitsiera izan dugu: 360.000 kilo batu dira, 2022ko uztaren erdia ia.
Kalitate aldetik ere ez da uztarik onena izan. Faktore kaltegarri asko izan ditugu mahatsaren ziklo begetatiboari dagokionez. Izozteak izan genituen udaberrian eta landareak ernatzen hasi zirenean mildiu onddoaren lehen erasoak izan genituen. Hori nahiko konstantea izan da ziklo osoan zehar. Udaberrian eta udan tenperatura altuak eta hezetasuna izan genituen eta hau lagungarria da onddoak agertzeko. Mahats-bilketaren garaira hurbiltzen joan ahala botrytis onddoa ere agertu zen. Horrez gain, fenomeno klimatologiko puntualak ere izan dira, txingorra eta haize bortitzak besteak beste.
Hala ere, oraindik goizegi da txakolinaren kalitatea nolakoa izango den jakiteko. Elaborazio prozesuaren eta hartziduraren fase guztiak bukatzen direnean eta coupageak egiten hasten garenean ikusiko dugu nolakoa izango den txakolinaren kalitatea.
“Aurten aurreko urtearekin alderatuta %10eko jaitsiera izan dugu, 360.000 kilo batu dira, 2022ko uztaren erdia ia”
2022ko uzta izan zen Arabako Txakolinak inoiz lortutako emaitza oparoena. Aldiz, iazko eta aurtengo uztak asko jaitsi dira. Zer faktorek eragiten du uztak txarrak edo onak izateko?
Bereziki klimak du eragina. Baldintza onak egongo balira, uztak hobeak izango lirateke. Hau da, negu hotza eta mahastia ernatzea uzten duen udaberria, izotzaldirik gabekoa. Urte batzuetan izotzaldi oso berantiarrak izan ditugu, maiatz hasieran.
Laburbilduz, uzta onak izateko hotza egin behar du neguan, beroa eta euririk ez udan eta udaberrian hezetasuna eta tenperatura leunak. Urtaro ohikoak izan behar dira. Horrez gain, mahats bilketaren garaira hurbiltzen garenean hezetasun handirik eta euririk ez badago emaitza hobea izango da, botrytisa ez eragiteko.
Egoera horiek gertatuko balira, uztek kalitate eta kantitate hobea izango lukete, tratamendu fungizidak saihestuko genituzke eta mahatsak kalitate bikaina izango luke.
Azken urteetan oso aldakorrak izan dira uztak, betidanik izan dira emaitzak hain aldakorrak?
Ezohiko urte batzuk izan ditugu. Klima aldaketagatik den jakiteko iraupen luzez analizatu behar da egoera, baina guk dugun 30 urteko esperientziarekin azken urteetako emaitzak klima-aldaketaren eraginez eta fenomeno klimatiko malkartsuengatik izan daitezke. Aurreko urtean, esaterako, irailean amaitu genuen mahats bilketa, normalean betidanik urri erdian hasi garenean. Klimaren egoerak eragina du gure lanean.
Nolakoa izan behar da klima uzta ona izateko?
Urtaroen definizioekin bat datorren klima, udaberri eta udazken normalekin. Udaberri hezea, euria eta tenperatura leunekin eta izotzaldirik gabe. Ondoren, udan beroa egon dadila, muturreko tenperaturarik gabe 30-35 gradurekin, eta euri sakabanaturen batekin.
"Momentuz nahiko pozik gaude emaitzarekin, txakolinak kalitate ona izango dugu baldintza txarrak izan ditugun arren"
Zeintzuk dira uzta txar batek izan ditzazkeen ondorio guztiak?
Kantitate aldetik, uzta txarrak badira mahatsaren produkzioaren kostua asko igotzen da, eskulana eta tratamenduak berdinak direlako. Esaterako, Arabar errioxan laguntza ekonomikoak behar izan dituzte egoerari aurre egiteko.
Kalitatearen aldetik, esfortzu eta zaintza asko egin behar da onddoei aurre egiteko. Egoera ezin hobean egon behar den mahatsa etengabe mehatxatuta badago errazagoa da kalteren batekin heltzea. Upategietan ere mahatsa askoz gehiago zaindu behar da eta horrek produkzioaren kantitatean eragiten du eta garestiagoa da txakolina. Zailagoa da komertzialki defendatzea.
Mahatsaren eta txakolinaren kalitatean eragina du uztak?
Ezetz esango banuke engainatzen egongo nintzateke. Uzta ona denean errazagoa da produktua ona izatea. Lehengaia ona bada ez du esku-hartze handirik behar elaborazio prozesuan emaitza ona izateko. Ezagutza enologikoak asko dira eta geroz eta sofistikatuagoa da upategietan dugun teknologia arazoak konpontzeko. Momentuz nahiko pozik gaude emaitzarekin, hartzidurak amaitzen dabiltzan unean. Kalitate ona izango dugu baldintza txarrak izan ditugun arren.
"Beldur gara urtero-urtero egoera zail batekin topo egingo dugun, ez dago prebentziozko neurririk egoera zail guztiak gainditzeko"
Etorkizunean zer uzta espero dira?
Hori oraindik ezin dugu jakin. 2022an pentsatzen genuen klima aldaketa txakolinaren munduarentzako onuragarria zela, uztak normalean baino egoera hobeagoan heldu zirelako eguraldi aldaketa bortitzik gabe. Baina orain fenomeno puntual baina bortitzak ditugu eta horrek egun batetik bestera uzta galtzea dakar. Beldur gara urtero-urtero egoera zail batekin topo egingo ote dugun. Ez dago prebentziozko neurririk egoera zail guztiak gainditzeko.