Asteburu bizia izan dute Zinkha taldeko kideek, Durangoko Azokan murgilduta egon baitira euren lehen diskoa aurkezten. Ostiral arratsaldean Plateurena antzokiko oholtzan aritu ziren, Ahotsenean sortzaileen gunean. Ordu erdiko emanaldi laburra eskaini zuten bertan, euren kantu nagusiak plazaratuta. “Saiatu gara apur bat diskoa osatzen duten estilo ezberdinetako kantak aukeratzen. Denetarik dago”, azaldu zuen Irati Usia abeslariak kontzertua baino lehen eginiko elkarrizketan.
Bere hitzetan, “adin eta gustu ezberdinetako kideek” osatzen dute Zinkha, eta “bakoitzak bere alea” jartzen du kantak sortzerako orduan. Etorkizunari dagokionez, unea bizitzen ari direla aldarrikatu zuen Usiak: “Momentuz hemen gaude. Badakigu gutxi gorabehera zein den gure bidea eta horretan gabiltza”.
Eitb-k zuzenean eskaini zuen emanaldi osoa Internet bidez:
Musikazuzenean.eus atariaren postuan egon da Zinkharen diskoa salgai azokan. Taldeko kideak hainbat aldiz egon dira bertan aleak sinatzen. Horrez gain, plataforma digitaletara ere igo dute lan osoa. Bederatzi kantuk osatzen dute albuma, baina aurretik plazaratutako beste hiru kantuak ere sartu dituzte, extra moduan.