Renfek ordutegiak hobetuko ditu C-3 linean, Bilbo eta Laudio 15 minuturo lotzeko

Aitor Aspuru Saez 2024ko abe. 16a, 15:35

Maiztasuna areagotzea izan da aldaketaren helburua. / Aiaraldea.eus

Trenek Laudio eta Bilbo lotuko dituzte hamabost minuturo eta Urduña eta Bilbo ordu erdiro lanegunetan. Asteburuetan ere hobekuntzak egongo dira.

Renfek jakinarazi du abenduaren 23an bere ordutegiak aldatuko dituela erakundeen eta erabiltzaileen eskaerei erantzuteko. Horri esker, Bilbo eta Urduña lotzen duen C-3 lineak 30 minuturo eskainiko du zerbitzua bi geltoki horiek lotzeko eta hamabost minuturo Laudiotik Bilbora jotzeko.

Enpresa publikoaren asmoa da puntualitatea eta fidagarritasuna hobetzea. Horretarako, 16 Civi zerbitzu egongo dira, soilik lineako zortzi toki erabilienetan geldituko direnak. Hori bai, lanegunetan bakarrik egongo dira, eta udan ez.

Horrez gain, Bilbo eta Urduña arteko zerbitzua 30 minuturo emango dute, astelehenetik igandera, 5:00etatik 23:35ak arte.

Gainera, orain arte indarrean zegoen asteburuetako eskaintza areagotu egingo dute. Urduña jatorri edota helmuga duten egungo 55 trenetatik 76 trenera igaroko dira, larunbat, igande eta jaiegunetan.

Urduñarako zerbitzuaren luzapenaren ondorioz, Bilbotik Laudiora joateko trena hartzen duten erabiltzaileek 15 minuturo izango dituzte irteerak, ibilbideko geltoki guztietan, udan salbu.

Gabonetako ordutegi berezia

Edonola ere, ordutegi aldaketa, kontraesankorra badirudi ere, murrizketa txikiekin hasiko da. Gabonetako ospakizunak direla medio, Renfek C-3 (Bilbo-Urduña) linearen ordutegia moldatu egingo du abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra. Zerbitzu gutxiago egotea ekarriko du horrek.

Bestalde, abenduaren 24an eta 31n Aldirietako C-3 linearen azken trena 21:05ean abiatuko da Bilbotik eta 21:34ean Urduñatik.

Abenduaren 25ean lehenengo trenak 10:35etik aurrera egongo dira martxan, eta urtarrilaren 1ean 07:05etik aurrera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide