Eraso matxisten salaketa eta osatze kolektiboa. Hori du helburu 'Euskal Herriko salaketak' ("Denuncias Euskal Herria") ekimenak. Instagram sare sozialean zabaldu zuten horretarako modua, eta astebete eskasean 250 eraso baino gehiagoren berri argitaratu dute.
Herritarrek mezu pribatu bidez iruzkintzen dituzte euren testigantzak, eta kontu horrek anonimotasuna bermatuta argitaratzen ditu. Horien artean daude Laudioko fisioterapia zentro batean jazotako eraso matxistak, Urduñakoak edota Amurriokoak.
Laudioko Mugimendu Feministak prozesu kolektiboa abiatu du horren harira. Hain zuzen, eraso matxistak jasan dituen orori dei egin diote www.labur.eus/ezisildu galdetegiaren bidez modu anonimoan testigantzak biltzeko, baita Instagram kontutik ere.
Erasoa jasan dutenei babes osoa helarazteaz gain, osatze feministarako prozesu kolektiboa abiatu dute.
Izan ere, iragan asteburuan hasi ziren fisioterapia zentro bateko eraso matxistak salatzen, eta, mugimendu feministako kideen hitzetan, "kasu bat baino gehiago dira. Jende asko ari da jasandako eraso matxistak kontatzen 'Ez isildu' tresnaren bidez edo Instagrametik". Aiaraldea Komunikabidean 2019an ere zabaldu zen horietako bat.
Laudioko fisioterapeuta batek eginiko erasoen lau lekukotza bildu dituzte momentuz 'Euskal Herriko salaketak' Instagram profilean.
'Euskal Herriko salaketak' kontuan momentuz lau lekukotza zabaldu dira Laudioko fisioterapeutari lotuta. Pazienteei eginiko ukipenak salatu dituzte kasu guztietan.
Sexu abusu eta jazarpenak adingabeei
Amurrioko kasu baten berri ere eman dute 'Denuncias Euskal Herria' kontuan. "14 urte nituela sexu erasoak jasan nituen adinez nagusiko baten eskutik. Ez da jasan dudan eraso bakarra. Traumatikoena Amurrioko jendeak -ez sinisteaz gain- gertatutakoari buruzko istorioak asmatu zituela izan zen. Jende askok bazekien zakilaren argazkiak bidaltzen zituela eta adingabeak jazarri", salatzen du lekukotzak.
Urduñar batek 12 urte zituela bizitakoak kontatu ditu: "12 urte nituela 17 urteko lehengusuak sexu-abusuak egin zizkidan. Kitarra klaseak ematen zizkidan, eta akordeak ondo joz gero saria izango nuela esaten zidan. Saria lurrean etzatea zen, begiak itxita, berak bere gorputza ukitzen zuen bitartean... Behin nire gainean jarri zen, eta igurtzen aritu zen. Etxean kontatzeko beldurra nuen. Klaseak utzi nahi nituela esan nuen".
'Euskal Herriko salaketak"' kontuan herrika ari dira pilatzen igorritako testigantza edota salaketa mezuak.