Egitarau zabala dago eskuladean Gabonetan. Eguberriekin hasteko, Olentzero eta Mari Domingiren bisitak izango ditugu abenduaren 24ean. Hurrengo egunetan ekintza asko prestatu dituzte haur eta gazteentzako. Urteko azken egunean San Silvestre lasterketak izango dira. Aiaraldea.eus webguneko agendan aurkitu daitezke deialdi guztiak.
Olentzero eta Mari Domingi
Olentzeroren eta Mari Domingiren hainbat kalejira izango dira abenduaren 24ean eskualdean. Amurrion Olentzeroren kalejira egongo da 16:30ean anbulategi aurreko parketik hasita. Ordu berdinean Urduñako pilotalekuan egingo zaie harrera bi pertsonaiei. Orozkon kalejira egongo da 16:30ean eta ondoren Olentzerori egingo zaio harrera Zubiaur plazan 17:30ean. Aretara 17:00etan helduko dira Olentzero eta Maridomingi. Laudion 17:30ean bisita egingo dute nagusien etxera eta 18:15ean kalejira bertatik hasita. Artziniegan 18:15ean hasiko dira. Luiaondora eta Arakaldora 17:00etan helduko da Olentzero eta 17:15etan Arrankudiagan, Garondotik.
Eskualdeko herri guztietan egongo dira Olentzero eta Maridomingi
Okondon dantzak egongo dira Iratxo dantza taldearen eskutik. Ondoren Jandiolarantz abiatuko dira Olentzero eta Maridomingiri harrera egitera. Gero plazan literatur eta postal lehiaketen sari banaketa egingo dute.
Gabonetako jarduerak
Abenduaren 26tik 30era Gabonetako zenbait ekintza daude prestatuta eskualdean. Amurrion abenduaren 26, 27 eta 30ean Gazteentzako Planak antolatu dituzte; hala nola KNS Aventura Parkera irteera, DJ tailerra eta Scape Rooma. Artziniegako kiroldegian Gabonetako parkea egongo da 26tik 29ra eta Orozkon Gela pedagogikoa egingo dute aterpean abenduaren 26an. Okondon ere Gazte Gabonak antolatu dituzte eta izotz gaineko irristaketa egiteko eta Arkeologia museora joateko irteera dago.
Kirol jarduerei dagokionez, Laudion emakumezkoen futbol partiduak antolatu dituzte Altzarrate futbol zelaian 26, 27 eta 28an. Amurrion Gabonetako saskibaloi torneoa egingo dute 16tik 30era. Urduñan Santi Zubiren XIII. memorialeko partidak daude Jai Alai frontoian 26, 27 eta 28an. Bolo txapelketei dagokionez Arrankudiagan abenduaren 27an egingo dute eta 28 eta 29an Urduñan.
Musika eta dantzari dagokionez abenduaren 27an Ubixeta dantza taldearen eskutik Gabonetako dantzaldia egongo da Orozkoko pilotalekuan. Santa Zezilia bandak eta Urduñako Musika Eskolak ere Gabonetako kontzertua egingo dute Familia Sakratuaren Elizan. Abenduaren 28an Amurrio Antzokian ere egingo dute mota horratako ekitaldi bat.
Musika eta dantza, kirol ekintzak eta haur eta gazteentzako jarduerak antolatu dituzte
Amurrioko Zaraobe saskibaloi taldearen 40. urteurrena ospatzeko jaia abenduaren 28an da eta paella jana eta barbakoa egingo dituzte. Gauean Moonshine Wagonek eta DJ Blessivek girotuko dute Juan Urrutia plaza. Egun berean, Urduñan gabonzahar aurreratua egingo dute eta umeentzako ikuskizuna eta kontzertuak egongo dira. Amurrio San Roke auzoan San Silvestre Festa egingo dute.
Abenduaren 31ko kirol jarduerak
Urteko azken egunean kirol jarduerak izango dira nagusi eskualdean. goizean inguruko mendietara egingo dira ibilaldiak. Arratsalderako aldiz San Silvestre lasteketak antolatu dituzte Urduñan, Orozkon eta Laudion.