Arabako Foru Aldundiak gaur jakinarazi du Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean ez diola baimenik emango Green Capital Development konpainiari aurrera egiteko Larragorri-Jesuriko zentral eolikoaren proiektuarekin.
Enpresa pribatuak foru erakundeari eskatu zion bide ematea Plan Berezi baten garapenari, 25 Mw ekoizteko gaitasuna izango lukeen azpiegitura eraikitzeko.
Dena den, Arabako Foru Aldundiak erantzun du Laudio, Amurrio eta Orozko ez direla ados jarri horretarako eta, Orozko Bizkaia denez, ez dagoela bere esku hori onartzea.
Babes bereziko lurraldeak
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari Aldundiaren erabakia ez dela behin betikoa. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela prozedurak aurrera egitea.
Dena den, plataformak gogoratu du Green Capital Development enpresaren egitasmoak eragin oso larriak izango lituzkeela Orozkon. Alde batetik, sai zuriak (espezie babestua) habiak egiteko duen gunetik 10 kilometrora egongo lirateke errotak.
Bestetik, hirigintzaren kalifikazioaren aldetik, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek azaldu du Orozkoko eremua paisaiaren babes berezia duela.
Horrez gain, plataformak adierazi du egungo alkatearekin bildu direla gaia lantzeko eta Aitor Izak aurkakotasun argia erakutsi duela zentral eolikoari dagokionez.