Eskola publikoen jantokien inguruan piztutako gatazkak soka luzea ekarri zuen eta 2024an eztabaida eten ordez, inkognita gehiago utzi ditu Eusko Jaurlaritzak egindako apustuarekiko. Izan ere, EHIGE guraso elkarteen federazioaren aburuz, Eusko Jaurlaritzaren azken aginduak catering enpresak kontratatzera behartzen ditu ikastetxeak. Eskualdean ikastetxe publiko ia guztiek ez dute aukera hori baliatzen eta tokiko elikagaiak bermatzen ditu Urduñako Herri Eskola, baina cateringaren menpe daude oraindik hiru.
Eskola gehienek sukalde propioa dute
Egia da eskualdeko ikastetxe publiko gehienetan euren sukaldeak dituztela eta janaria bertan prestatzen dela, baina beste hiru hezkuntza zentroetan catering zerbitzuek eztabaida sortu dute. Laburbilduta, gehienek in-situ eredua baliatzen dute; produktua jaso, eraldatu eta kalitatea bermatzen dute. Hala ere, arestian aipatu bezala, Aiaraldean hiru ikastetxe catering enpresen menpe daude.
Horren harira, 2023ko amaieran hasi zen ezinegona Serunion catering enpresa errioxarrak irabazi zuelako aipatutako eskualdeko hiru ikastetxe publikoko esleipena.
Hasteko, Serunionek irabazi zuenean, gurasoek zein langile askok ez zuten ulertzen zein zentzu zuen Errioxatik bazkariak ekartzea Aiaraldearaino, jasangarritasunaren kalterako eta inguruan enpresa gehiago egonik.
Gero heldu ziren gurasoen kexak, umeek ez baitzuten batere gogoko konpainiak eskaintzen zituen errezetak. Eztabaida subjektiboa zen, irakasle batzuen aburuz, janariaren kalitatea ez zen okerragoa urreko enpresarekin alderatuta, baina bai arrotza ikasleentzat, barazki eta espezia gehiago baliatzen baitzuten.
Dena den, handik gutxira Serunion izena Euskal Herriko hedabide gehienen lerroburuetan egon zen, zizareak agertu baitziren bere menu batzuetan EAEko bost ikastetxetan -ez Aiaraldean, hori bai-. Izan ere, 17 hezkuntza zentrotan ematen zuen zerbitzua.
2023an berotutako giroak 2024an egin zuen eztanda eta Serunionek eta Eusko Jaurlaritzak adostu zuten otsailaren 5etik aurrera beste enpresa batzuek hartuko zutela errioxarren lana, baina ordezkoek ez zuten lortu arazoa guztiz konpontzea. Izan ere, "ezohiko kausa naturalek" eraginda, zomorro txikiak agertu ziren azaloretan Orozkon.
Gertakari horiek guztiek pil-pilean jarri zuten hainbat familiaren artean eskoletako jantokien errealitatea, azken finean, hezkuntza sistemaren zati garrantzitsua da zerbitzu hori, haur askoren egonaldia luzatzen baitu ikastetxeetan. Horrek erronka pedagogikoak suposatzen ditu eskolak ematen ez diren bitarteko tarte horietan, baina baita elikadurarekin, elikagaiekin eta otorduekin sortzen diren harremanetan.
Urduñako erreferentea
2023ko azken egunetan Gure Platera Gure Aukera plataformak agerraldia eskaini zuen Bilbon eta azpimarratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko 50 ikastetxek adierazi dutela sukalde deszentralizatua -hau da, catering zerbitzuen menpe ez dagoena- garatzea nahi dutela. EAEn jadanik abian daude horrelako egitasmoak, erreferente bilakatu direnak catering zerbitzuak alboratu dituztenentzat, eta horietako bat Urduñakoa da.
Hiriko eredua kontsumo lokalean eta agroekologikoan oinarrituta dago eta ezin da bereiztu udalerrian egindako lehen sektorearen eta tokiko ekoizleen aldeko lan orokorretik. Hau da, ez da kasualitatea Urduñak hartzea bere gain jantoki eredu mota hori garatzeko ardura, EAEn egondako esperientzia aitzindari eta pilotu gisa. Halaber, ez da, inondik inora, kasualitatea Belardi Haragi Eraldaketa Zentroa ere Urduñan sortu izana. Berez, Urduñako Udal Sukaldeak ez du bakarrik elikatzen eskola, nagusien egoitza ere hornitzen du, tokikotasuna lehenestuta.
Eredua izoztuta
Urduñak eta beste ikastetxe apur batzuek abiatutako eredua ez zuten sortu egitasmo isolatuak izateko. Berez, hezkuntza zentro gehiagora zabaltzeko asmoz bultzatu zituzten, baina Eusko Jaurlaritzak irailean zabaldutako aginduak ez du hori egin. Are gehiago, EHIGE guraso elkarteen federazioaren iritziz, catering zerbitzua indartu du.
Gauzak horrela, Gure Platera Gure Aukera plataformak -Urduñako kideek tarteko- abenduan jo zuen Eusko Legebiltzarrera eta Hezkuntza Batzordean alderdietako ordezkariekin bildu zen desblokeatu zezaten eskola jantokien afera, arestian azaldu bezala, 50 zentrok nahi dutela eredua aldatzea eta sukaldearen kontrola hartzea. Bilera ez bazen konpromiso zehatzetan islatu ere, EAJk eta PSE-EEk adierazi zuten agindua aldatu daitekela, hortaz, Gure Platera Gure Aukera plataformak ekingo dio lan horri.