2030 Agendaren helburuak aldaketa klimatikoa arintzeko eta jasangarritasuna bermatzeko badute isla garraioan. Izan ere, erakundeen jarduera gidatu behar duen agiri horren xede batzuk lotuta daude osasuna eta ongizatearekin, energia irisgarri eta kutsakorra ez denarekin, azpiegiturekin eta hiri eta komunitate jasangarriekin. Horiek guztiek eragiten dute, nolabait, garraio publikoan; zerbitzu publikoetako zenbait azpiegiturara jotzeko aukera ahalbidetzen dutelako (osasuna, hezkuntza...), komunitateak eta udalerriak harremanetan jartzeko balio duelako eta ibilgailu pribatuen erabilera murrizten duen heinean, kutsadura ere ekiditen duelako.
Horregatik guztiagatik eta Aiaraldeko zenbait udalerrik biztanleria edota administrazio batzarrak oso sakabanatuta daudelako (Aiara kasu), ezinbestekoa dute hainbat herritarrentzat aukera hori eskura izatea eta behar horrek hauspotzen du gizartearen edo erakundeen erantzuna.
Hala gertatu zen, iaz bezala, irailaren hasieran ikasturte berriarekin. Eusko Jaurlaritzak arazoak izan zituen berriro eskola garraioko linea guztiak kontratatzeko, zenbait enpresa ez baitaude prestezarritako prezioen truke lan egiteko. Hutsunea betetzeko, Hezkuntza Sailak taxiak kontratatu zituen eskolak hasi zirenean eta horrek kalteak ekarri zizkien Orozkoko Laudio Institutuko ikasleei eta Amurrioko Mendiko Eskolakoei. Izan ere, autobusa baliatu ordez, furgoneta zen bidaiak egiten zituen ibilgailua eta horregatik ikasle guztiak ezin zituen eraman aldi berean leku batetik bestera. Gainera, ikastetxeetara heltzen ziren lehenak -klaseak hasi baino askoz lehenago- ziren itzultzeko azkenak -tarte luzea itxaroreko beharrarekin-. Zenbait aste horrela igaro eta gero eta ikastetxeen zuzendaritzen eta senideen egitasmoei esker, taxi kopurua bikoiztu zuen Hezkuntza Sailak, ikasleek hainbat ordu ez galtzeko joan eta etortzeko bidaietan.
Hezkuntza Lege berria
Hezkuntza Lege berriak kexa ugari sortu ditu hezkuntza komunitatean. Sare publikoko komunitateak salatu du ez dela lehentasuna lege berriarekin eta zenbait itunpeko ikastetxek ere aipatu dute -salaketa publikorik egin gabe, momentuz- euren matrikulazio gaitasuna, nolabait, mugatu dutela. Eztabaidak, dena den, badauka beste ertz bat; eskola garraioa. Izan ere, soilik izaera publikoa duten ikastetxeek daukate garraioa eskaintzeko derrigortasuna. Egoera horrek eztanda egin zuen Laudion udan. Herritar bat saiatu zen bere semea Latiorro Eskolan matrikulatzen, baina lehen matrikulan ikastetxe hori ez zuenez zehaztu -une horretan ez baitzen bizi Gardean-, Hezkuntza Sailak itunpeko beste zentro batera bideratu zuen. Aintzat hartuta Gardea herrigunetik urrun dagoela, horrek erabat baldintzatu du familiaren egunerokoa, kontziliazioaren kalterako.
Leioako EHUra autobusik ez
Garraioaren gabeziak ere salatu dituzte Aiara, Amurrio eta Laudioko zenbait familiak. 2023/2024 ikasturtera arte, bazegoen autobus zerbitzua eskualdea eta Leioako Euskal Herriko Unibertsitatea lotzeko. Hori bai, enpresa pribatu batek eskaintzen zuen eta 70 ikaslek erabiltzen zuten. Indarrean dagoen ikasturtean, ordea, zerbitzua erabiliko zuten ikasle kopurua nabarmen murriztu da eta ez dute aukerarik izan berriro abiatzeko. Aiarako Udalak, esaterako, deialdia zabaldu zuen ahalik eta ikasle gehien batzeko aldarrikapenera, baina ez ziren heldu enpresak behar zuen gutxiengo kopurura. Gauzak horrela, garraio publikoan joan behar direnak, gutxienez bi tren zerbitzu eta beste autobus bat hartu behar dute Leioara heltzeko. Bi ordu baino gehiagoko bidaia, alegia.