Begibistakoa da; iritsi da kirolari profesionalen belaunaldi berria. Gazteak euren lekua aldarrikatzen dabiltza, eta zaharragoek hauei bide ematea besterik ez dute. Kirol eta maila guztietan da agerikoa: kadete mailan, gazte mailan eta baita maila gorenetan ere. Futbolean, txirrindularitzan, tenisean, pilotan… Geroz eta gehiago dira XXI. mendean jaiotako izarrak, eta Aiaraldean ere badago dir-dir egiten duenik ere.
Larrazabal eta Eskuza
Honezkero, inor gutxi harrituko da Iker Larrazabalen edota Arkaitz Eskuzaren izenak irrati eta telebista esatarien ahotan entzuterakoan. Are gehiago, Larrazabalek Mariezkurrenarekin batera Binakako Txapelketan jokatuz itxi du urtea, Iñaki Artolaren lesioa tarteko. Goi mailako partidak pilatuz doa Olabezarrekoa.
2002 eta 2024an jaioak dira Larrazabal eta Eskuza, eta, apurka apurka, euren txokoa egiten doaz pilota profesionalean. Eskuzak 2023ko urtarrilean debutatu zuen Eibarko Astelena pilotalekuan, Aspe enpresarekin. Denbora gutxian lan txukuna egin du atzelari laudioarrak. Aipatzekoa aurtengo Binakako Serie B Txapelketan egindako jarduna, aise iritzi baitzen finalaurreko ligaxkara. Iker Larrazabal izan zuen aurrez aurre bertan, profesional mailan bi aiaraldearrek elkarren aurka jokatzen zuten lehen partidan. Larrazabal-Eskiroz bikotea gailendu zen norgehiagoka hartan, 22-11 Eskuza eta Egiguren V.aren kaltean. Larrazabalen eskarmentuak jarri zuen aldea partidan nonbait. 2020tik dabil aiararra profesional mailan Baiko enpresarekin jokatzen. Lau final jokatu ditu eta bi txapela janztea lortu du; azkenengoa aurten bertan. Biek ala biek ibilbide luzea dute aurretik oraindik, eta behin baino gehiagotan aritu beharko dira elkarren aurka kantxan.
Txirrindulari gazteak loria bila
Txirrindularitza profesionalak ere baditu aiaraldear gazteak puntako kirolarien artean. Horietako bat da Ander Ganzabal. Orozkoarrak denboraldi bikaina egin du Euskadi Fundazioko 23 urte azpiko taldean, eta egindako lan finaren fruituak jasotzen dabil orain. Izan ere, bi urterako sinatu berri du kontratua Euskaltel Taldean, eta munduko onenekin neurtzeko aukera izan du dagoeneko. Triatloian lehiatuz ekin zion kirol ibilbideari Ganzabalek, eta txirrindularitzara jauzia “berandu” egin bazuen ere, lortu du lekua egitea tropel profesionalean. “Zorionekoa” dela aitortu zion Aiaraldea Komunikabideari, baina maila oso altua erakutsi du azken urteetan, egindako sakrifizioaren erakusgarri. World Tourrean arituko da 2025ean, eta hainbatetan izango ditu aldamenean Pogačar eta Remco bezalako izen handiak.
Baliteke ere, aurki, Hodei Muñoz txirrindulari aiararrarekin topo egitea tropel profesionalean. Ganzabalek bezala, Muñozek denboraldi bikaina egin du, eta 2025etik aurrera, bi urterako konpromisoa hartu du Devo Teamekin, Soudal Quick-Step taldeko filial amateurrarekin.