MUGARRIAK 2024

Aiaraldea ez da Hollywood edo bai?

Aitor Aspuru Saez 2025ko urt. 19a, 08:00

Pelikula ugari grabatu dira azken urteetan Aiaraldean, eskualdeko bazter eta bizilagunak munduko pantaila handietara eraman dituztenak. / Aiaraldea.eus

2024. urteak zerbait ekarri badu Aiaraldera zinema izan da. Esti Urresolaren pelikula arrakastatsua, Txani Rodriguezen liburuaren moldaketa eta hainbat filmeren grabaketa.

Nekez izango du Aiaraldeak beste urte bat horren borobila zinemari dagokionez. Izan ere, hainbat modutan harilkatu da eskualdea zazpigarren artearekin eta uzta oso oparoa utzi dute igarotako hamabi hilabeteek Edonola ere, izen batek modu distiratsuan itsutu baditu besteak, hori Esti Urresola zinemagile laudioarrarena izan da, modu apur bat artifizialean bada ere. 

Izan ere, Urresolaren 20.000 especies de abejas parte hartze izugarri arrakastatsua izan zuen hamaika nazioarteko jaialditan 2023an. Etxera eramandako sariak ezin dira zenbatu, oso ugariak izan zirelako, baina Berlinen, Iberoamerikako Zinema sarietan, Malagan, Tokyon... aitortza jaso zuen urte berean eta Oscar sarietara joateko lehian ere aritu zen.

Hori guztia lortuta ere, 2024an sari euritea ez zen eten. Bi Feroz sari eta Naizen euskal adingabe transexualen familien elkarteak emandakoa heldu zitzaizkion urtarrilean, oso bestelako arrazoien ondorioz. Batzuek bere lanaren kalitate artistikoa azpimarratu zuten. Naizenek, aldiz, aldarrikatu zuen Urresolak egindako ekarpena adingabe transexualak ikusarazteko orduan —egia da kontrakoa onartu zuela Voxek filmaren erosketa boikoteatu zuenean Burrianan—. 

Hori guztia eginda ere, otsailean pil-pilean egoteko unea suertatu zitzaion zinemagile laudioarrari. Izan ere, estatu espainiarreko zinema akademiaren Goya Sariak banatu zituzten. Urresolaren filmak hamabost izendapen lortu zituen eta azkenean bi garaikur eraman zituen etxera. Bata gidoi original onenagatik eta bestea zuzendaritza lan nobelari. Horrez gain, Ane Gabarainek eskuratu zuen aktore zerrendako onenaren Goya saria.  

Nabarmentzekoa da hainbat laudioar, Udalaren deialdia jarraiki, erlez mozorrotu zirela sari banaketaren egunean eta Urresolak irmoki salatu zuela Gazako sarraskia.

Azken erromantikoak

2024an ere Txani Rodriguezen Los últimos románticos eleberria Azken erromantikoak filma bilakatu da. Idazlea bera eszena batean agertzen da, nahiz eta protagonista nagusia Miren Gaztañaga izan Arakaldon bizi den antzezlea. Donostiako Zinemalditik igaro zen eta azaroan zinema aretotan ikusteko aukera egon da. Estreinaldia baino lehen, pelikularen grabaketa egin zen Laudion, hori bai, azkenean irudi horiek ez ziren agertu ikus daitekeen bertsioan. Filma ikusi dutenek, edonola ere, nabaritu dute hori ez dela istorioak duen aldaketa bakarra. Berez, idazleak berak aitortu zuenez, “zinemak eta literaturak hizkuntza ezberdinak dituzte”. Are gehiago, Txani Rodriguez oso pozik dago David Perez Sañudo zuzendariak egindako lanarekin. 

Sañudo, Sacamantecas

Txani Rodriguez eta Miren Gaztañaga ez dira Raul Perez Sañudorekin elkarlanean aritu diren bakarrak. Berez, Kevin Iglesias amurrioarrak ekoizle ardurak hartu ditu zinemagilearen hurrengo filman: Sacamantecas. Istorioak kontatuko du XIX. mendean Araban egondako serieko hiltzailea eta Iglesiasek ez du betekizun samurra izango. 

Hain zuzen, pelikula karlistaldien testuinguruan girotuta dago eta jende ugariko irudiak izango ditu. Hortaz, jendea kontratatu eta modu egokian agertuko direla bermatu beharko du Iglesiasek.  Gainera, film horren eskutik itzuli da Sañudo Aiaraldera eta, esaterako, azaroan Baranbion aritu ziren grabatzen.

Eskualdeko udalerri batek lortu badu ia plato bilakatzea, hori Urduña izan da. Aurten estreinatu dute 'El bus de la vida', eta hiru film gehiagok hartu dute hiriko toki bat edo beste irudiak grabatzeko 

Urduña plato erraldoia

Dena den, 2024an eskualdeko udalerri batek lortu badu ia plato bilakatzea, hori Urduña izan da. Aurten estreinatu dute El bus de la vida, Dani Rovirarekin, eta Udalak plazan eskaini zuen, pelikula gehiena Urduñan grabatu zelako eta hiriaren izena baliatu dutelako. 

Hori gutxi balitz, aurten hiru film gehiagok hartu dute hiriko toki bat edo bestea irudiak hartzeko eta erabaki hori hartu dutenak aski ezagunak dira. Adibidez, Julio Medem zinemagile donostiarrak Aiaraldera jo zuen Ocho grabatzeko. Gipuzkoarrak erronka handia hartu bere gain, pelikula zortzi sekuentzia planotan kontatuko baitu. 1931n hasiko da istorioa eta emakumezko eta gizonezko baten istorioa jarraituko du 90 urtetan zehar. 

Otsailean izan bazen Medemen bisita, uztailean heldu ziren Urduñara Alex de la Iglesia bilbotarraren ekoiztetxeko kideak Los Muertimer grabatzeko. Léa Mazé komikilari frantsesaren binetetan oinarritzen da filma eta hilerri batean krimen bat ikertzen duten bi umeren abenturak ditu ardatz. Alex de la Iglesia zuzendariaren eta Carolina Bang aktorearen esku dagoen Pokeepsie Films produkzio-etxeak ekoitziko du filma, Errementari filma edo HBO plataformako 30 Monedas telesaila ekoizteaz arduratu den etxea, alegia. Foru Plaza, Frankos, Orruño eta Donibane kaleak hartu zituzten, besteak beste, akziozko irudiak hartzeko. Urte amaieran, ordea, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zuzendarien Maspalomas proiektuak kuartel nagusia izan du Antiguako pasalekuan kokatuta dagoen Mariaren Konpainia eraikina. Arregi eta Goenaga bereziki ezagunak ez izateak ez du esan nahi eskarmentu handia ez izatea zineman. Alegia, La trinchera infinita, Loreak, Lucio, Handia, Marco edo Cristobal Balenciaga pelikula eta dokumentaletan.

Toñi Hinojosa

Aipamena merezi du ere Toñi Hinojosaren kasuak, zeinak antzezle gisa aurten ekin dion lan egiteari. Amurrioarra gorra da eta hori ez zen izan inolako oztoporik Cuerpo Escombro filman agertzeko. Dani Rovirarekin pantailan partekatzeko parada izan ez ezik, harreman ona egin zuen berarekin.

Underground: Josu Vaquerizo

Edonola ere, dena ez denez zinema komertziala, Aiaraldeak baditu bestelako zinemagileak, Josu Vaquerizo kasu. Laudioarra Ingalaterran bizi da eta zinema esperimentala lantzen du. 2022an zazpi sari jaso zituen Estatu Batuetan eta handik heldu zitzaion proposamena aurten bere filmak VHS euskarrian saltzeko. Horrez gain, Javi Gil zuzendariaren inguruan mugitzen den taldeak bi sari jaso ditu Belchiteko zinema lehiaketan eta Bilboko Hilerriko I. zinema jaialdian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide