MUGARRIAK 2024

Osasun sistema “publiko eta duina”, kezka zein aldarri

Txabi Alvarado Bañares 2025ko urt. 13a, 06:00

Samina eta haserrea piztu zituen David Hernandezen heriotzak. / Aiaraldea.eus

Atzo urtebete bete zen David Hernandez 'Fabi' 42 urteko laudioarra zendu zenetik Laudioko Etengabeko Arreta Gunean, bertan medikurik ez zegoen une batean.Bere heriotzak osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazio jendetsuak eragin zituen eskualdean hurrengo egun eta hilabeteetan. 

Azken urtebeteko gaietako bat izan da Osakidetzaren egoera, bai Aiaraldean eta baita Euskal Herrian ere. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eztabaidagai nagusietako bat izan zen apirilean, eta urteko gainontzeko hilabeteetan ere eman du zeresan handia.

Urtarrilaren 12an hil zen David Hernandez ‘Fabi’, 42 urteko laudioarra

Eskualdean urtea hasi berritan egin zuen salto kezkak iritzi publikora. Urtarrilaren 12an hil zen David Hernandez 'Fabi', 42 urteko laudioarra. Laudioko Etengabeko Arretako Gunera jo zuen ondoezik, eta bihotzekoak jota hil zen bertan, medikurik ez zegoen une batean. Albisteak biharamunean egin zuen salto komunikabideetara, eta handik astebetera milaka lagun atera ziren kalera “Osasun sistema publiko eta duin baten alde”, azken hamarkadan eginiko mobilizazio jendetsuenetako batean. SOS Aiaraldeak eta JEZeko enpresa batzordeak egin zuten deialdia, lantegi horretan lan egiten baitzuen Hernandezek.

Baina protesta ez zen manifestazio horretara mugatu. Kezka soziala kalean zegoen jada, eta herritar talde bat biltzen hasi zen bestelako dinamika batzuk martxan jartzeko asmoarekin. Handik aste batzuetara egin zuten lehena: elkarretaratzea deitu zuten mediku gabeziaren arazoak bere horretan jarraitzen zuela azaleratzeko.

Laudioko Udalak, bere aldetik, bilera izan zuen otsailean Gotzone Sagarduirekin, orduko osasun sailburuarekin. Tokiko erakundearen aburuz, bilerak ez zuen “emaitza positiborik” utzi, baina Osasun Sailak kontrakoa erantzun zuen handik egun batzuetara zabaldutako komunikatuan. Beste urrats batzuk ere eman zituen Udalak: Arabako eta Bizkaiko Medikuen Elkargoekin bildu zen, eta bilera bat egiten saiatu zen eskualdeko gainontzeko Udalekin. Baina Amurrio, Okondo, Urduña eta Orozkoko Udalek uko egin zioten bertan parte hartzeari. "Desleialtasuna" leporatu zioten Laudioko Udal Gobernuari, hedabideetan horren berri emateagatik euren erantzuna jaso baino lehen.

Bien bitartean, protesta gehiago prestatzen jarraitu zuten osasun sistema publiko eta duinaren alde antolatutako herritarrek. Apirilean kanpaina abiatu zuten osasun zentroetako murrizketak azaleratzeko, eta erreklamazioak jartzeko deia luzatu zuten.

Handik hilabete batera, maiatzaren 25ean, agerraldia egin zuten Amurrioko osasun zentroaren aurrean. Osakidetzak erantzuna eman zien aurkeztutako erreklamazioetako askori; baina, salatu zutenez, “aitzakia bera” erabili zuen kasu guztietan: “medikuen eskasia dagoela eta, horregatik, baja batzuk, ‘ahaleginak egin arren’, ezin direla familia-medikuntzako profesionalekin bete”. Ekintza sinboliko batekin erantzun zioten bizilagunek osasun erakunde publikoaren jarrerari, jasotako erantzunak birrinduz, eta erreklamazioak jartzen jarraitzeko deia luzatu zuten.

Zaila da kanpaina horrek zenbaiterainoko eragina izan zuen jakitea. Osasun Sailak emandako datuen arabera, EAE osoan %20 igo zen Osakidetzari eginiko erreklamazio kopurua urtarriletik irailera, aurreko urteko garai bereko kopuruekin alderatuta. Noski, igoera hori ez zen Aiaraldean abiatutako kanpainagatik izan, baina datuek nahiko argi uzten dute kezka orokortu egin dela aurten, eskualde barruan zein eskualdetik kanpo.

Osasun Sailak berak emandako datuen arabera, ekainetik irailera bitarteko txanden %18,3an ez zen medikurik egon Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arretako Guneetan

Udako murrizketak

Urte osoan zehar egon da mediku gabezia Aiaraldeko Etengabeko Arretako Guneetan, egun puntualetan. Udan, baina, nabarmen areagotu egin zen arazoa. Osasun Sailak berak emandako datuen arabera, ekainetik irailera bitarteko txanden %18,3an ez zen medikurik egon Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arretako Guneetan. Zehazki, Amurrion 242 txandetatik 46 geratu ziren bete gabe, eta Laudion 43 guztira. Modu horretan, EAEko batez bestekoa ia bikoiztu zen eskualdean.

Hala ere, murrizketak ez ziren soilik arreta gune horietan egon. Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitatean (ZIU) ere gertatu ziren horrelakoak. Abuztuaren 23an Bilboko ZIU mugikorra bertaratu behar izan zen eskualdera bihotzeko bat eta bihotz-gelditze bat artatzera, Laudiokoan medikurik ez zegoelako. Bihotz-gelditzea pairatu zuen pertsona hil egin zen azkenean, eta horrek berriz piztu zituen protestak. Elkarretaratzea egin zuten jai kuadrillek Laudioko jaien Odoloste Egunean, eta hurrengo astean mobilizazio jendetsua egin zen, 1.300 pertsonaren parte hartzearekin.

5.646 sinadura

Uda amaituta, mediku gabezia aurreko parametroetara itzuli zen berriz. Mobilizazio soziala, aldiz, ez zen gelditu. Urriaren hasieran kanpaina berri bat aurkeztu zuten SOS Aiaraldea plataformako kideek Urduñako kontsultategiaren aurrean: sinadura bilketa. Lau aldarri zehatz planteatu zituzten. Lehena, beharrezko giza baliabide guztiak “uneoro bermatzea” Osakidetzak eskualdean dituen azpiegitura guztietan. Bigarrena, gauza bera ziurtatzea Laudioko anbulantzia medikalizatuan ere. Hirugarrena, “Osakidetzaren oinarrizko asistentzia-zerbitzuak bermatzea”; eta laugarrena, Buru Osasunerako Zentroko arreta arina izatea, “psikiatra zein psikologoagatik artatuak izateko itxaron zerrendak murriztuz”.

Azaroaren amaierara arte aritu ziren atxikimenduak biltzen, eta 5.646 sinadura fisiko bildu zituzten 

Azaroaren amaierara arte aritu ziren atxikimenduak biltzen, eta 5.646 sinadura fisiko bildu zituzten orotara. Abenduaren 12an entregatu zituzten guztiak, Gasteizen, Osakidetzaren zerbitzu zentraletan. Ikusteke dago zer erantzun jasotzen dute osasun erakundearen partetik. Epe luzeago batera begira, ikusteke dagoen beste gauza bat bada ea nola garatu eta amaitzen diren Laudioko anbulatorio berriko obrak. Otsailean hasi ziren eraikina egiteko lanak Latiorroko orubean eta, aurreikuspenen arabera, datorren urtearen amaierarako egon beharko lukete amaituta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide