2023an eta 2024an drogen kontrako sarekada eta operazio ugari gertatu dira Aiaraldean. 2023. urtea ez zen makala izan zentzu horretan, baina 2024ko gertakariak lau hilabetetan metatu ziren eta zenbait ostalari eta herritarren artean ezinegona eta haserrea piztu zituzten. Berez, zaila da jakitea benetan zenbat esku-hartze egin zituen Ertzaintzak, baina Aiaraldea Komunikabideakk dozena bat artikulu baino gehiago argitaratu zituen lau hilabete eskasetan.
Poliziak egindako lehen atxiloketak ez zuen aparteko zaratarik sortu. Urtarrilaren 12an 200 gramo kokaina zituen herritar bat harrapatu zuen, 1.300 euro gainean zituela. Ohiko errepide kontrol batean jazo zen, baina egindako hurrengo sarekadak oihartzun handia izan zuen aldagai ugari batu zirelako.
Lehenik eta behin David Hernandez Fabi laudioarraren heriotza salatzeko manifestazio jendetsuaren ondoren abiatu zutelako. Jendetza anbulategitik herrian barrena sakabanatzen ari zela, Brigada Mugikorrak Zubiko Kurajoko bi taberna inguratu zituen eta barruan zeuden herritarrak identifikatu eta miatu zituen —horietako asko afaltzen ari ziren bitartean—. Egoerak ikara eta amorrua ekarri zien bezero zein tabernariei eta herritarrek eurek hartutako irudiak bolo-bolo zabaldu ziren sare sozialen bitartez, tabernetara korrika joaten ziren agenteak protagonista zirela, kasko, ezkutu eta babes guztiak jantzita.
Operazio handi horren emaitzak, edonola ere, urriak izan ziren. Bi tabernetan zeuden hamazazpi lagun zigortu zituen poliziak, Ertzaintzaren prentsa bulegoak zabaldutako informazioaren arabera. Hamahiru pertsona zigortu zituzten substantzia estupefazienteak kontsumitzeagatik eta beste hiru arma zuriak bide publikoan edukitzeagatik. Ostalaritza establezimenduetako baten arduraduna ere isundu zuten kudeatzen duen tabernan drogaren kontsumoa toleratzeagatik. Horrez gain, beste bi pertsona gehiago ikerketapean utzi zituzten, droga-trafikoko delitu bana egotzita. Ikertuetako bat 70 gramo haxix zituen, polizia iturrien arabera. Ertzaintzak zabaldu zuenez, bigarren ikertua tabernetako baten komunetan aurkitu zuen poliziak, droga-trafikoarekin lotutako materiala ezkutatzen.
Kontsumitzaileak jomugan
Operazio horrek ezarri zituen, nolabait, atzetik etorri ziren hainbat esku-hartzeren ezaugarriak; droga-saltzaile handien kontra jo ordez, sozialki kriminalizatuta dauden zenbait eremu edo ostalaritza negoziori jarraipen estua egitea. Laudioko establezimendu batek, esaterako, bezero gazteak ,eta ondorioz sarekadak, ekiditeko, bere negozio eredua guztiz aldatu zuen. Alegia, gazteak aldendu eta pintxoetan zentratu zen. Baina poliziaren agerraldiak ez ziren mugatu tabernetara, eta urtarrilean eta otsailean sarekadak egin zituzten Lamuza parkean eta Lanbide Heziketako ikastetxean, atseden orduan. Operazioek ez zuten, berriro ere, emaitza handirik utzi, hainbat gazte identifikatu eta gero, bati 7 gramo anfetamina topatu zizkioten.
Otsailaren erdialdean beste bi operazio egin zituen Ertzaintzak bi ostalaritza negoziotan. Amurrion erabiltzaile batzuk isundu zituzten drogak gainean izateagatik -norberaren kontsumorako, ez baitziren ikertuak izan- eta Orozkon, aldiz, taberna baten jabeari leporatu zioten drogen trafikoa.
Otsaila gehiago berotu zen, hurrengo asteburuan Brigada Mugikorrak Laudioko herriguneko bi tabernetan sartu zenean. Berez, drogen trafikoagatik ez zuten inor atxilotu, bai ordea, herritar bat erresistentzia eta agintaritzaren kontrako erasoa leporatuta eraman zuten. Aiaraldeak berak elkarrizketatu zuen gizona eta azaldu zuen tabernara bertaratu zela bere emaztea barruan zegoelako eta ez zuelako NAN gainean. Hara heldu zenean bi poliziak bultzatu zuten eta eztabaida izan ondoren, hura atxilotzeko agindua eman zuten. Berak soilik eskatu zuen eskuburdinak aurretik jartzea, eta ez sorbaldan, bajan baitzegoen lesio baten ondorioz. Laudioarraren iritzia izan zen sarekadek ez zutela zerikusirik osasun publikoarekin.
Droga saltzaile handien kontra jo ordez, sozialki kriminalizatuta dauden zenbait eremu edo ostalaritza negoziori jarraipen estua egin zaie
Gau berean, hori gertatu eta gero, dena den, Brigada Mugikorrak Urduñara jo zuen eta beste taberna batean sartu zen, eta kalea itxi zuten. Tabernan zeuden hainbat bezero identifikatu eta isuntzeko prozesua abiatu zuten substantzia sorgarriak izateagatik.
Martxoaren hasieran heldu zen poliziak burututako hurrengo operazioa. Kasu horretan ez zen izan sarekada bat itsuan, baizik eta 11.000 kalamu landare hazteko gaitasuna izango zuen pabilioi baten kontrakoa. Esku-hartzean 26.000 euro, pistola bat eta hainbat gailu elektroniko ere topatu zituen poliziak. Hiru akusatuak aske utzi zituzten gero, baldintzapean.
Hori bai, egun gutxira Ertzaintzak beste esku-hartze handia egin zuen Laudioko taberna batean. 20 agentek parte hartu zuten eta hiru laguni isunak jarri zizkieten legez kanpoko substantziak edukitzeagatik.
Azken ekaitza
Operazio eta sarekada kate horien azken begia apirilean izan zen eta hori izan zen, hain zuzen, kaltetu gehien utzi zuena. Apirilaren 13ko gaueko ordu txikitan Ertzaintza taberna batean sartu zen sarekada gauzatzeko eta esku-hartzeak 22 identifikaturekin bukatu zuen, bi atxiloturekin eta hainbat zauriturekin. Alegia, hiritarrek salatu zuten borrak ez ezik, foamezko balak ere erabili zituela poliziak euren kontra. Halaber, neska batek ertzain bat salatu zuen erasotzeagatik, nahiz eta salaketak ez zuen biderik egin, Ertzaintzak berak baztertu baitzuen agentearen identifikazioa lortzea.
2024ko lehen hilabeteetan bizitasun handiz sarekadak gertatu eta gero, urtea igaro da albiste handirik gabe eta horren arrazoia argia da: 2024an Laudioko Ertzain Etxeko burua aldatu zen
Zergatik azken operazioa?
2023an eta 2024ko lehen hilabeteetan bizitasun handiz sarekadak gertatu eta gero, urtea igaro da albiste handirik gabe eta horren arrazoia argia da: 2024an Laudioko Ertzain Etxeko burua aldatu zen. Laburbilduz, Aritz Corralek utzi zuen kargua. Izan ere, ez da zaila ikustea ertzain horren obsesioa izan zela operazioen iturburua, eta bera joan zenetik, ez da polemikarik errepikatu.
Corralek berak hainbat hedabidetan -ez Aiaraldean, nahiz eta elkarrizketa ofizialki eskatu zitzaion- esku-hartze horiei buruz hitz egin zuen Laudioko komisaldegiko arduraduna izan bitartean.
Noren kontrako oprazioak?
Gutxik ukatu dezakete drogak badirela gizarteak duen arazoetako bat. Ordea, horri aurre egiteko tresna ezberdinak daude; hezkuntza, arriskuak murrizteko politikak edota errepresioa, eta aurreko Ertzain buruak hartutako bidea hori izan zen, hain justu. Eta ez zen izan erabaki neutroa. Izan ere, sarekaden helburua izan ziren kalamua kontsumitzen duten -edo hori egiteagatik susmagarriak diren- gazteak eta baliatzen zituzten espazioak jazartzea. Izan tabernak edo izan eremu publikoak -parkea, esaterako-. Hau da, drogen salmenten eta kontsumoaren katean dauden pertsonen artean, zaurgarrienak eta errazenak kolpatzea. Eskualdeak ikusitako operazio ia guztiek jo dute herritar xumeen kontra eta ez, inondik inora, droga-saltzaile handien edota negozio horren dirua zuritzen dutenen aurka. Are gehiago, jazartu den droga kontsumoa izan da bistakoena (kalamuarena), eta bestelakoak (kokaina, adibidez) ia ukitu gabe utzi dira. Finean, kontsumitzaile batzuen kriminalizazioan sakondu da, irudikatuta horiena soilik dela arazoa. Eskala txikian, drogen aurkako gerrak Aiaraldean ez du inolako aztarna positiborik utzi.
Trafikoa ez da murriztu eta, gehienez, droga kontsumitzaileak bultzatu dituzte leku pribatuetara kontsumitzera -ahal dutenek, jakina-. Horrez gain, jadanik existitzen ziren estereotipoak indartu dira -jende gaztea soilik, edo zenbait jende gazte dela arazoak dituena drogekin- eta irtenbiderik ez da eskaini, errepresioa baino ez. Horri gehitu behar zaio batzutan sarekadek bat egin dutela une kritikoekin -esaterako, David Hernandez Fabi-ren heriotza salatu zuen manifestazioarekin- eta susmoak piztu dituztela zenbait herritarren artean. Izan ere, askok salatu dute maiz drogen aurkako gerra batzuetan badela saiakera bestelako arazoen garrantzia arduren lehen lerrotik kentzeko.