Aiaraldeko eta Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak sentsibilizazio-kanpaina berria eta askotariko ekimenak prestatu dituzte aurten, mugikortasun urriko pertsonak Renferen Aldirietako C-3 lineako trenetara igo ahal izateko.
Maiatzean eta ekainean herritarrei irekitako kanpaina egin zuten, Renfek neurri egokiak har zitzan eta unitate bakoitzeko bagoi batek, gutxienez, sarbide irisgarria izateko. Horrekin batera, mozioak aurkeztu zituzten tren-linea hori igarotzen den udalerrietan, eta eskaera horren alde agertu ziren Amurrio, Urduña, Laudio, Ugao eta Arrigorriagako Udalak. Era berean, hainbat herritan sinadurak bildu zituzten ekainaren 17an, geltokietan aurkeztu ziren norbanakoen erreklamazioei eransteko.
Pentsiodunen mugimenduak azaldu duenaren arabera, “Renfeko arduradunek behin baino gehiagotan adierazi dute arazo hori konpontzeko prest daudela aurreikusita dituzten tren berriekin, baina beti zehaztu gabe noiz jarriko diren martxan”.
Urrian tren modelo irisgarriagoa probatzen aritu ziren Bilboko Aldiriak zerbitzuan, Tren modelo berria (Civia 464 izenekoa) C-1 eta C-2 lineetan probatu zituzten (hau da, ez Aiaraldeara heltzen den C-3 linean), baina ariketa horien bitartez argitu nahi dute zein aldaketa behar dituzten Civia 464 modeloek Bilboko Aldiriak zerbitzura egokitzeko.
Testatzen ari diren unitate horiek ez dira, berez, berriak. Maiatzean iturri sindikalek aurreratu zuten moduan, Bartzelonan egun funtzionamenduan daudenak dira eta jadanik hamabost dituzte. Sindikatuen iturriek iragarri dute, dena den, bost urte barru helduko direla unitateak Bilbora eta orduan 20 urte inguru izango dituztela. "Nahiko zaharkituta egongo dira", iritzi du sindikatuetako kide batek.
Pentsiodunek, haien aldetik, Renfeko trenen irisgarritasuna aldarrikatu zuten Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean azaroaren 4an. Bertan utzi zuten irisgarritasuna bermatzen duen zerbitzu publikoa exijitzen duen eskutitza, Oscar Puente Ministroarentzat.
Bestalde, EAJk Urduña eta Bilbo arteko aldiriko trenetan gutxienez bagoi irisgarri bat jar dezala eskatu dio Espainiako Gobernuari. EAJk egin zuen proposamena eta aho batez onartu zuten, ERC, EH Bildu, PP eta PSOEren emendakinak gehituta. Horrela, Urduña eta Bilbo arteko tren irisgarriak 2025eko azken hiruhilekorako prest egotea eskatu dio Senatuak Espainiako Gobernuari. Gauzak hala, ikusteke dago Espainiako Gobernua epe hori urtebetera murrizteko gai izango den edo, kontrara, bagoi irisgarriak jarri beharko dituen behin behineko alternatiba gisa.
Betiko leloaren betiko leleoa
“Atzerapenak daude Renfeko zerbitzuan”, edota “renfe tren zerbitzuak kentzen ari da”, gehiegitan irakurritako titularrak dira. Gero eta sarriago egiten dugu topo problematika horrekin, ia normalizatzeraino, izan tren-sareko komunikazio sisteman matxura gertatu delako, arrazoi operatiboengatik, gidarien gabezia dela eta, matxura bat tarteko edota arrazoirik gabe trenen eskaintza eten egiten dutelako.
Ohiko matxurez gain, bestelako arazoak ere egon dira aurten. Apirilean, esaterako, Renfeko mantenu langileek 10 eguneko greba egin zuten Ollargango tailerren kudeaketa txarragatik. C-3 lineako trenen mantenua egiten duten langileek salatu zuten azpiegiturak ez direla egokiak, eta pieza zein behargin gehiago behar direla zerbitzu egokia eskaintzeko.
Maiatzean astebetez 200 tren zerbitzu gutxiago egon ziren. Izan ere, gidari nahiko egon arren, gerentziak txarto kudeatu zituen lan-orduak eta horregatik murriztu zen zerbitzua zazpi egunetan. Hain zuzen, gerenteek erabaki zuten lau hilabetetan orekatzea iaz gidariek egindako gehiegizko lanaldiak. Ondorioz, nahiz eta "inoiz baino makinista gehiago egon", ez zituzten zerbitzu guztiak eskaini. Sindikatuek adierazi dute egoera aurreikusi zutela, baina konpainia publikoko arduradunek ez zietela jaramonik egin.
Uztailean Renfe tren zerbitzuak kentzen aritu zen jakinarazpenik gabe, 15 eta 30 minutu bitarteko atzerapenak sortuta
Uztailean Renfe tren zerbitzuak kentzen aritu zen jakinarazpenik gabe, 15 -30 minutuko atzerapenak sortuta. Geltokietako langileek Aiaraldea Komunikabideari azaldu ziotenez, trenen eskaintza eten zen, baina ez dakite zergatik. "Bat-batean mezu bat jasotzen dugu, zeinean esaten diguten hurrengo trena ez dela igaroko", argitu du behargin batek. Berez, bozgorailuen bitartez zabaldu zen mezu batek aipatzen zuen matxura baten ondorioz jazotzen ari zela atzerapena, baina langileek ezin izan dute hori egiaztatu.
Renfeko erabiltzaileek egunero jasan behar dituzten ohiko eragozpen eta oztopoak dira horiek. Urte hasieran Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zabaldu zuten Renfe aldiriko zerbitzua EAEko erakundeen esku geratuko zela eta, iragarpen horren harira, EH Bilduk exijitu die Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari "propaganda alde batera uzteko" eta C-3 linean inbertsioak egiteko.
EH Bilduk uste du berria pozgarria dela, "nahiz eta 40 urte berandu heldu". Dena den, aipatu du eskumenen transferentzia ezin dela aitzakia izan C-3 linean egin behar diren hobekuntzak gelditzeko.
Gazteek, haien aldetik, Aiaraldea komunikabidean nabarmendu dute haien bizitzak duintasunez aurrera eramateko beharrezko zerbitzu bat dela garraioa. Aiaraldeko gazteek garraio publikoa egunero erabiltzen dute eta honen egoera prekarioa jasan behar dute uneoro. "Renfe C-3 aldiriko trenen egoera kaxkarra da, eta inbertsio milioidunak saltzen dizkiguten arren, egunerokotasunean aldiriko zerbitzuak ez ditu gazteen beharrak asetzen". Astebururo herriz-herriz joateko ordutegi ratioa murriztea, gaueko trenak ezabatu izana edota azken orduan tren zerbitzua bertan behera uztea egoera horren adibide garbiak dira.