MUGARRIAK 2024

Enbor sendoagoa, adar gehiagori eusteko

Txabi Alvarado Bañares 2025ko urt. 25a, 08:00

Arrankudiaga-Zollon ospatu zuten iaz Aiaraldeko Euskararen Eguna. / Aiaraldea.eus

Hezkuntza, kirola, politika instituzionala... esparru askotara zabaldu dira azkenaldian Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren adarrak. Horri aurre egiteko, bere egitura sendotu du eskualdeko eragileak aurten.

Atzetik datorren kontua da, baina aurten nahiko modu argian ikusi ahal izan da Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren adarren aniztasuna. Kirolean, hezkuntzan, politika instituzionalean... esparru askotan jarduten du duela zortzi urte sortutako eragileak, eta fruituak lortzeari ere ekin dio.

Tresna berri bat plazaratuta hasi zuten urtea Kontseiluko kideek: Euskararen semaforoa. Hizkuntzaren presentzia neurtzeko sistema bat proposatu zuten, eta hori erabiltzeko gonbita luzatu zieten eskualdean ekitaldiak antolatzen dituzten eragile guztiei. Ordutik hona, hainbat instituzio publikok zein elkartek bere egin dute tresna, eta kartel, programa zein bestelako euskarrietan erabiliz.

Udaberrian, herrietako jaiei begira jarri zen Kontseilua, Gora Aiaraldeko Jai Euskaldunak! dinamika aurkeztuta. Laudio, Urduña, Orozko, Artziniega, Aiara eta Arrankudiaga-Zolloko Udalek egin zuten bat ekimenarekin, festetan euskara sustatzeko hainbat neurri adostuta. Txosnetarako hizkuntza irizpideak, ekitaldietan esatari euskaldunak bermatzea, ostalarientzako gomendioak edota Euskararen Semaforoaren erabilera bera adostu zituzten, besteak beste. Otxomaioetan egin zuten lehenengo proba, eta talka izan zuten Bihotza Konpartsarekin. "Euskara baztertzea" eta txosnen arautegia ez betetzea leporatu zion Kontseiluak hiriko eragileari.

Udaletan lanketa

Instituzio publikoetan ere eman dituzte urratsak. Iaz EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, Orain Amurriok eta Okondo Aurrerak hartu zituzten euskararen aldeko konpromisoak, Bai we can kanpainaren barruan eta udal eta foru hauteskundeen testuinguruan. Aurten, aldiz, beste bi talde batu dira: Omnia eta Orozkoko EAJ, herriko alkatea barne.
Baina lorpenak ez dira horretara mugatu. Elkarlan estua erdietsi du Kontseiluak eskualdeko zenbait Udalekin, eta horren fruitua izan dira  Laudioko Udalaren Hizkuntza Politikaren Diagnostikoa (Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak garatutakoa) edota Orozkon zein Arrankudiaga-Zollon une honetan garatzen dabiltzan euskara sustatzeko plan estrategikoak.

Gurasolekuren arrakasta

Hezkuntzaren esparruan ere mugarri garrantzitsuak erdietsi ditu Kontseiluak aurten. Gurasoleku ekimena da horren adibide. Ekimen hori 2021ean abiatu zen, baina inoizko izen ematerik handiena izan du aurten, 142 pertsona batuta guztira.  Aiara, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Urduña, Laudio eta Amurriora zabaldu dute eskaintza aurten, haurreskola eta ikastetxe guztien parte hartzearekin.

Sukalde lana ere egin dute: 2022an abiatutako Hezkuntza Foroak ez du titularrik eman aurten, baina martxan jarraitu du, eskualdeko 12 ikastetxerekin. Hausnarketa bat osatzen ari dira, datorren urtean plazaratuko dutena, eta "oso puntu inportantea" izango dena orain arteko bidean, Kontseiluko kideen esanetan.

Aipatutakoez gain, bestelako ekimen batzuk ere antolatu dituzte aurten. Hor daude azaroan eginiko gazte euskaltzaleen topaketen hirugarren edizioa, eliteko kirolari euskaldunek ikastetxeetan eskainitako hitzaldi-sorta edota Arrankudiaga-Zollon ospatutako Euskararen Eguna. 

Geroz eta adar gehiago ditu euskalgintzaren zuhaitzak eskualdean. Horregatik, Kontseiluaren enborra ere sendotu dute, lan-taldera langile berri bat batuta. "Badago kezka, baina badago gogoa, eta baita elkarlana ere", ziurtatu zuten Kontseiluko kideek Euskararen Egunean bertan eskainitako elkarrizketan, eta aurreratu zuten aipatutako adarretako askok "fruituak" emango dituztela 2025ean zehar.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide