Bukatu da hauteskunde zikloa. Ez hain aspaldi hain ohikoak ziren plot-twist politikorik ezean, Aiaraldeko bizilagunek ez dute 2027ra arte hautetsontzietara jo beharko. 2023ko Udal eta Foru hauteskundeen eta Espainiako hauteskunde orokorren ondotik, Eusko Legebiltzarreko zein Europar Parlamentuko ordezkariak hautatzeko urtea izan da aurtengoa.
Aiaraldeko maparen kolore politikoa aldatuz joan da, eta agerian utzi du alderdi abertzaleen nagusitasuna. Gainera, bi alderdi horien arteko aldea nabarmen murriztu da azken urteetako hauteskunde prozesuetan, eta EAJ eta EH Bildu inoiz baino berdinduago daude eskualdean orain.
42 boto
42 botoko aldea atera zion EAJk EH Bilduri apirilaren 21ean ospatutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan; 8.413 eta 8.371 boto lortu zituzten, hurrenez hurren. Laudion gertatu zen berdinketa tekniko horren adibiderik argiena, non bi indarrek boto kopuru berbera jaso zuten: 3.327.
Ohikoa izaten da, hauteskunde osteko aje betean, alderdi guztiek garaile plantak egitea. Baina, paradoxikoa dirudien arren EAJk zein EH Bilduk dute zer ospatu eskualdean apirilean erdietsitako emaitzetatik. Jeltzaleek lehen indarra izaten jarraitzen dute Aiaraldean, eta ez dute nozitu 2020ko hauteskundeekiko EAE mailako boto galera. Hartara, botoetan ere gora egin dute, apalki bada ere, 108 boza berri eskuratuta.
EH Bilduk, aldiz, azken urteetako gorakada etengabearen bidean jarraitu du azken hauteskunde hauetan ere. Duela lau urte baino 2.072 boto gehiago jaso ditu, eta EAJri hegemonia lehiatzetik oso gertu aurkitzen da. Amurrion, esaterako, EAJ garaitzea lortu zuten subiranistek.
Aiaraldearrak Legebiltzarrean
Guztira hemeretzi ziren Eusko Legebiltzarrerako Arabako eta Bizkaiko zerrendetan aurkezten ziren Aiaraldeko ordezkari politikoak. Hauteskunde gauak zerrenda doitu, eta bost izan ziren azkenean jarlekua lortu zutenak. Horien artean aurkitzen zen Julen Arzuaga aretarra, baina urrian iragarri zuen legebiltzarkide izateari utziko ziola, 12 urteko ibilbidearen ostean. Gauzak horrela, Ander Añibarro eta Jonatan Moreno jeltzaleak eta EH Bilduko Eba Blanco eta Lamia Arcas dira eskualdeko ahotsa Gasteizko parlamentuan datozen lau urteetarako.
Eskuin muturra
Ekaineko europar hauteskundeek argazki desberdina utzi zuten Aiaraldean. Orduko hartan bai, EH Bilduk EAJk baino boto gehiago lortu zituen, baina garaipen horren esanahi politikoa neurrian hartu behar da. Eta, EAJren gainbehera nabarmena izan bazen ere, %47ko abstentzioak eta espainiar alderdien polarizazio biziak, zaildu egiten du ondorio demoskopikoak ateratzea. Ezbairik gabe, ordea, espainiar ezker konfederalaren porrota izan da Europar hauteskundeetatik atera daitekeen ondoriorik argiena. Sumar eta Elkarrekin Podemos alderdietan banatuta agertu ziren ekaineko hauteskundeetara; eta biek gaur lortutako botoen batura ez da dela lau urteko emaitzara iristen. Kontrara, eskuin muturrak gorakada islatzeko baliatu zituen ekaineko hauteskundeak Aiaraldean ere. VOXek bikoiztu egin zuen 2019an lortutako boto kopurua, eta Se Acabó La Fiesta zerrenda ultraeskuindarrak ere 206 boza metatu zituen eskualdean. Tentuz jarraitu beharreko igoera, politika elektoralaren planotik kanpo ere arreta berezia eskatuko duena.