Aimar Amondo Gerrikabeitia eta Asier Amondo Gorostizaga laudioarrek parte hartuko dute urtarrilaren 25ean egingo dituzten Euskal Pilota Federazioko hauteskundeetan. Hain zuzen, Asier Amondo lehendakariordea izango litzateke, irabaziz gero.
Hala azaldu dute aita-semeek: "Pilota Federazioko hauteskundeak zirela eta, Joxemari Mitxelenak deitu zigun, eta egia esan, sorpresaz hartu genuen, ez baikenuen deia espero. Mitxelenak bioi proposatu zigun zerrendan joatea eta, etxean komentatu ostean, proposamenaren aldekoak zein kontrakoak baloratu eta gero erabaki genuen bat egitea".
Euskal Selekzioa, zazpi lurraldeak
Amondotarrek azpimarratu dute une bereziki ilusionagarria bizitzen ari dela pilota Euskal Selekzioa ofizial bilakatu ondoren. Zentzu horretan, euren apustua da selekzioak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako jokalariak hartzea: "Euskal Selekzioari nazioartean lehiatzeko aukera zabalduko zaio datozen urteotan. Lana badago, gure hautagaitzaren helburua Euskal Selekzioan Euskal Autonomi Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko jokalariak lehiatzea baita".
Helburu anitza
Asmo hori ikur bilakatu badute ere, bestelako xede garrantsitzuak ere aipatu dituzte:
- Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Kluben kluba bihurtu nahi dute, herrietatik eta klubengandik hurbil egonda.
- Euskara, partaidetza, berdintasuna eta elkarrizketa izango dira euren lanaren ardatza.
- Pilotaren modalitate guztiak sustatuko dituzte: joku zuzenak, ezker pareta, trinketa, erraminta, zesta…
"Gure ardatza elkarrizketa izango da, pilotaren inguruan dauden eragile guztiekin elkarrizketarako bideak irekiko ditugu. Lehentasunak badira arestian aipaturikoez gain beste batzuk ere: emakumekumezkoen pilotaren inguruan indartzeko plana egiteko eta horretan eragiteko asmoa dugu, hortaz, emakume pilotarien ekarpenak jasotzeko gogoz gaude", azaldu dute.
Azkenik, teknikarien formazioan sakontzeko eta eragiteko asmoa dute, gabeziak zein onurak aztertuz eta, horrekin batera, kirol-zuzendaritza bat sortuta.