Lehen greba eguna dute gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko langileek, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek dietuta. Gaurkoan irakasleak atera dira kalera, eta bihar ere lanuztea egingo dute.
Jarraipen zabala Aiaraldean
Greba deialdiak jarraipen zabala izan du Aiaraldeko hezkuntza publikoko irakasleen artean. Langileen ia %60ak egin du bat lanuztearekin, ikastetxez ikastetxe jaraipena desberdina izan den arren.
Eskualdeko zentro publiko handiek aise nozitu dute grebaren eragina; Laudio Institutuan %61ekoa izan da jarraipena eta Zaraobe Institutuan %50ekoa. Antzeko kopuruak zenbatu dituzte Amurrioko Mendiko Eskolan (%60) eta Zabaleko Ikastetxean (%66)
Artziniegako Arteko Gure Ama Herri Ikastetxean eta Orozkoko Eskolan zenbatu du Aiaraldea Komunikabideak jarraipen baxuena; %45 eta %41, hurrenez hurren. Bide beretik, Laudioko Latiorro Ikastetxean irakasleen %46 batu da mobilizaziora.
Kontrara, Urduñako Herri Ikastetxean eta Etxaurren Ikastolan irakasleen %72ak eta %87ak egin dute bat lanuztearekin. Okondoko Eskolan zerbitzu minimoek funtzionatu dute soilik.
Mobilizazio eta aldarrikapen nagusiak
Bilbon egin dute mobilizazio nagusia gaur eguerdian, sare publikoko langileen lan baldintzak hobetzea eta hekuntza publikoa erdigunean jartzea eskatu diote Hezkuntza Sailari.
Hamabi eguneko greba zikloari hasiera eman diote horrela sindikatuek. Gaur eta bihar bezala, otsailaren 26an eta 27an ere egingo dute greba irakasleek, baina ez dira grebara deituta dauden bakarrak.
Haurreskoletako langileek urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dituzte lanuzteak; sukaldariek eta garbitzaileek, aldiz, urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an.
Zortzi aldarrikapen
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatu deitzaileek zortzi aldarrikapen zehatzetan bildu dituzte greba zikloaren arrazoiak:
- Lan zamak arintzea
- Gazteberritze plana ezartzea
- Hezkuntza publikoko langileek eros ahalmena berreskuratzea
- Enplegua egonkortzea eta bermatzea
- Azken urteetan Hezkuntza Sailak ezarritako murrizketak bertan behera uztea
- Ordezkoen lan baldintzak hobetzea
- Lana eta bizitza uztartzeko benetako neurriak ezartzea, zaintzaren ikuspegitik
- Lan-osasun, berdintasun eta euskara planak osatzea