Txikiagoa izanda ere, hezkuntza publikoan deitutako grebak jarraipen zabala izan du gaur ere

Erredakzioa 2025ko urt. 23a, 21:00

Zaraobe Institutuan jarritako pankarta.

Hezkuntza sistema publikoko sindikatu gehienek atzo eta gaur deitu dute greba eta gaurko jarraipena txikiagoa izan bada ere, hezitzaile askok bat egin dute mobilizazioarekin.

Atzoko datuetara heldu gabe, gaur ere  LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak oihartzun handia izan du Aiaraldeko irakasleen artean. 

Kopuru zehatzik gabe, Okondo Eskolak eta Lamuza Eskolak zerbitzu minimoekin funtzionatu dute bi egunetan (kopuru zehatzik ez dutenez eskaini, %80 jaso dugu grafikoan). Mendiko Eskolak, ere atzoko jarraipen bera izan du; %60 eta Latiorrok ere, %45. Grebaren parte hartzeak bakarrik egin du gora Orozkon, %41tik %45era eta gainerako tokietan behera.

Laudio Institutuan aldaketa oso txikia izan da, %61tik %57ra, eta Zaraoben ere erditik %44,35era igaro dira. Etxaurren Ikastolan mobilizazioa oso arrakastatsua izan da gaur eta atzo irakasleen %87ak bat egin bazuen lanuztearekin, gaur %74 izan da. Gainera, soilik 34 ume joan dira eskolara.

Gainerako ikastetxe publikoetan grebaren eraginaren joera txikiagoa izan da. Artziniegako Arteko Gure Aman atzo %40ak egin zuen planto eta gaur %33ak. Beherakada nabarmena, dena den, Zabalekon izan da, %66tik %33ra igaroz. Urduñako Herri Eskolan, aldiz, %62,5koa izan da jarraipena bi egunetan.

Areta Herri Eskolan gaur %36,8ra heldu da grebalarien kopurua (atzoko daturik ez du lortu hedabideak) eta Arrankudiagako Eskolan ez du kopururik eskuratu Aiaraldea Komunikabideak.

Mobilizazio eta aldarrikapen nagusiak

Gaur ere Bilbon egin dute mobilizazio nagusia gaur eguerdian, sare publikoko langileen lan baldintzak hobetzea eta hekuntza publikoa erdigunean jartzea eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Hamabi eguneko greba zikloari hasiera eman diote horrela sindikatuek. Gaur eta bihar bezala, otsailaren 26an eta 27an ere egingo dute greba irakasleek, baina ez dira grebara deituta dauden bakarrak.

Haurreskoletako langileek urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an egingo dituzte lanuzteak; sukaldariek eta garbitzaileek, aldiz, urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an.

Zortzi aldarrikapen

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatu deitzaileek azpimarratu dute duela hamabost urte ez dela sektoreko hitzarmena berritzen eta zortzi aldarrikapen zehatzetan bildu dituzte greba zikloaren arrazoiak:

  1. Lan zamak arintzea
  2. Gazteberritze plana ezartzea
  3. Hezkuntza publikoko langileek eros ahalmena berreskuratzea
  4. Enplegua egonkortzea eta bermatzea
  5. Azken urteetan Hezkuntza Sailak ezarritako murrizketak bertan behera uztea
  6. Ordezkoen lan baldintzak hobetzea
  7. Lana eta bizitza uztartzeko benetako neurriak ezartzea, zaintzaren ikuspegitik
  8. Lan-osasun, berdintasun eta euskara planak osatzea

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide