Hizkuntza eskubideen urraketa eta tratu txarrak txostena garatu du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak, 2024. urtean zehar herritarrek bidalitako zein elkarteak berak identifikatutako kexa eta salaketak bilduta.
20 salaketa baino gehiago jaso dituzte herritarren partetik eta hainbat mota bereizten dira: “erdara hutsezko kartelak, euskara baztertzen duten afixak eta erdaratik euskarara akatsez beterik edo kalitate oso eskasarekin itzulitako testuak izan dira gehien salatu diren kasuak”. Dena den, adierazi dutenez, badira are larriagoak diren beste kasu batzuk ere.
Amurrioko Udalaren kasu “larria”
Amurrioko Udalak jasotako salaketa kopurua azpimarratu du Kontseiluak txostenean eta Udal Buletinaren kasua bereziki larria dela aipatu dute. Azaldu dutenez, buletinaren “sare sozialak osoki erdara hutsez izan ditu salaketa publikoa egin den arte. Paperezko edizioan, euskara azaletik desagerrarazi da, gutxienez ale batean, ohikoa izan da euskarazko testuak akatsekin agertzea eta Euskara Planari eta Euskararen Legeari muzin eginez ez da bermatu informazio guztia euskaraz irakurri ahal izatea”. Horren aurrean, Udalaren Euskara Batzordearekin eta euskara zinegotziarekin bildu zen Kontseilua, eta sare sozialak elebidunak izatera pasa ziren geroztik, baina bestelako arazoei ez zitzaien irtenbiderik eman.
Euskara Alorreko aurrekontua murriztu izana, eta Eusko Jaurlaritzak aholkatzen duenetik nabarmen baxuagoa izan izana ere leporatu dio Kontseiluak Amurrioko Udalari
“Euskararen kontrako erasotzat” jo du, baita ere, Euskalgintzaren Kontseiluak Udalak dirulaguntza kendu izana Aiaraldea Komunikabideari eta eurekin gaiaren inguruan biltzeko prestutasunik adierazi ez izana. Elkartearentzat “euskarazko hedabideak estrategikoak dira eta babestu beharrekoak eta kasu honetan Amurrioko Udalak kontrako bidea hartu du erabat”.
Euskara Alorreko aurrekontua murriztu izana, eta Eusko Jaurlaritzak aholkatzen duenetik nabarmen baxuagoa izatea ere leporatu dio Kontseiluak Amurrioko Udalari. Era berean, udal musika eskolan jazotako gertakari bat ere aipatu dute txostenean. Hain zuzen ere, langile batek bere kontratua euskaraz jasotzeko zuen eskubidea urraturik ikusi zuen, eta kontratua euskaraz lortzen hainbat bidetik saiatu bazen ere (sindikatuko ordezkaria, zentroko idazkaria, fundazioko lehendakaria eta Euskara Batzordea) oraindik ez du eskuratzerik izan.
Urduñako Bihotza Konpartsak otxomaioetan izandako jarrera ere salatu dute, bere txosnan euskara "sistematikoki" baztertu dela nabarmenduta
Beste hainbat eraso eta eskubide urraketa
Amurrioko Udalaren kasuaz gain, beste Udal eta erakunde batzuen jarrerak ere salatu ditu Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak txostenean. Esaterako, “Orozkon antolatutako antzerki ziklo batean euskara erabat baztertu zela, euskarazko ekintza bakar bat bera ere programatu gabe” edo Urduñako eta Laudioko udal udalekuei lotutako auziak. Hala nola Urduñaren kasuan, zerbitzua euskaraz eskaini arren, zenbait begirale gaztelaniaz mintzo zirela, edo Laudion, “umeei zuzendutako eskaintza bat erdara hutsezkoa zela salatu zuten herritarrek”.
Urduñako Bihotza Konpartsak otxomaioetan izandako jarrera ere salatu dute, bere txosnan euskara "sistematikoki" baztertu dela eta, modu horretan, txosnen arautegia urratu dela nabarmenduta.
Laudioko zenbait establezimendutan ikusitako “euskararekiko tratu txarrak” salatzen dituzten mezuak ere jaso ditu Kontseiluak, hala nola herriko plazako arkupean kokatuta dagoen Vital Fundazioaren hizkuntza eskolan, non euskara ez den agertzen ez errotulazioan ezta ikusgarri dagoen informazioan ere. Zumalakarregi etorbideko Caixabank bankuko iragarki bat ere “euskara traketsean” dagoela adierazi dute txostenean.
Lanean jarraitzeko beharra
Txostenean bildutakoak Aiaraldean 2024an jazotako hizkuntza eskubideen urraketa bakarrak ez direla dio Kontseiluak eta, ondorioz, “lanean jarraitzeko beharra” aldarrikatu du. Eskerrak ere eman dizkiete lagundu duten herritarrei eta inplikazioa eskatu eragile zein erakundeei, “euskararen biziberritzea, normalizazioa eta hizkuntza eskubideen errespetua xede”.