Iaiaiai Aiaraldeko irrintzi taldea Bruselan ikusten dudan bigarren aldia izan da, hona bizitzera etorri nintzenetik. Aurrekoan bezala, euritakoa eskuan. Oraingoan, ordea, ez dugu ohiko bisitaldi turistikoa egin hiriaren erdigunetik; kanalaren bestaldeko espazio kultural eta elkarteen topagune batean batu ginen, Molenbeekeko Manchester espazioan.
Molenbeek bezalako udalerri anitz eta dinamikoa, kokapen hobezina hain jatorri, bizipen eta ikuspegi ezberdinetako pertsonak elkartuko zituen ekitaldi baterako. Bertan, giro bero eta gertukoa topatu genuen, eta laster ohartu ginen emanaldiak ekarriko zuen energia bereziaz.
Irrintziak ozen entzun ziren, indartsu eta askatzaile. Ikusleak hunkituta geratu ziren irrintzien indarrarekin, eta bereziki interesgarria iruditu zitzaien nola jokatu zuten espazioaren sakontasunarekin, soinuen distantzia eta intentsitatearekin esperimentatuz.
Emanaldian, ahotsen eta animalien soinuen arteko jolasak berehala erakarri zuen ikusleen arreta. Izan ere, Belgikan ez daude horretara ohituta, bakoitzak bere irudipen propioa baitzuen irrintziaren edo 'youyou' baten esanahi eta soinuari buruz.
Kongoko jatorrizko emakume batek azaldu bezala, bere kulturan poza adierazteko erabiltzen dituzte irrintziak. Euskaraz, frantsesez eta ingelesez bideratutako elkarrizketa horretan, Iaiaiai irrintzi taldeko kideek irrintziaren inguruko beren ikuspegia azaldu zuten: oihuak, askotan poza, besteetan dolua, jatorriz mendian komunikatzeko modua, eta beste batzuetan, sentipenen adierazpen hutsa.
Euskal Herrian irrintziak dauzkan esanahi anitzek publikoaren jakin-mina piztu zuten; sekula ez zuten entzun irrintziak hiletan egiteko ohitura egon denik, eta hori bereziki deigarria egin zitzaien.
Hausnarketa ugari piztu ziren. Hizkuntzaren mugak, gorputzaren adierazpena eta gizarteak inposatzen dituen isiltasunak aipatu zituzten. “Zergatik ez dago Frantzian horrelako emozioen adierazpenik?”, bota zuen batek. Egungo gizartean, komunikazioak gero eta gehiago hitzetan du oinarria, eta horrek forma ez-berbal asko galdu edo baztertu egin ditu, bereziki emozioak kolektiboki adierazteko moduak.
“Hemen gauden guztiok ezberdinak gara, baina gauza bera egiten dugu”, esan zuen norbaitek. Hitz horiekin laburbilduko nuke Iaiaiai taldearen irrintziak sortutako giro hurbil eta berezia, une batez guztiok bat egin genuelako irrintziaren soinuan. Kanpoan euria ari zuen oraindik, baina barruan, emozioen askatasuna ospatzen genuen.