Kalean da honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren zenbaki berria, 211. alegia. Orotariko gaiak lantzen ditu agerkariak bere 32 orrietan sakabanatutako elkarrizketa eta erreportajeen bidez, baina arreta berezia eskaini diogu Guardian Llodio enpresaren itxierari.
Izan ere, itxieraren atzean dauden gako nagusiak aletu ditugu zenbaki berrian. Horretarako Christopher Leonard kazetari estatubatuarra elkarrizketatu dugu. Amerikarrak The Washington Post eta The Wall Street Journal komunikabideetan lan egin du, eta gertutik ikertu du Guardian taldearen jabe den Koch Industries konpainia.
Horrez gain, Laudioko fabrika ezagunaren bilakaera jaso dugu unitate didaktiko berezian, eskualdeko ikastetxeetan ere aktualitateko gai honen lanketa errazteko.
Aiaraldearrak Goya sarietan
Gai gehiago landu ditugu hamabostekariaren zenbaki berrian. Gai horietako bat izan da eskualdeko diseinatzaileak Goya Sarien galan izan duten presentzia.
Hain zuzen ere, Miren Gaztañaga antzezleak Mikel Lazkano eta Mederi Ferreñoren piezak erakutsi ditu Granadako alfonbra gorrian. Aukera baliatu dugu tokiko bi diseinatzaileekin solastu eta Goya Sarien galaren atzean dagoen moda mundua gertutik ezagutzeko.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da argitalpena eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.