Aiarako Ekiola energia kooperatiba ezagutzera emango du Aldundiak Laudion eta Amurrion

Maider Ramirez Martin 2025eko otsailaren 12a

2023. urtean aurkeztu zuten Ekiola ekimena. / Arabako Foru Aldundia

700 kooperatibista lortu nahi ditu proiektuak, eta horiek onura ekonomikoak, sozialak zein ingurumenari lotutakoak izango dituztela adierazi dute sustatzaileek.

Urtarrilean hasi ziren Saratxon kokatutako Ekiola zentral fotovoltaikoaren lanak, eta aurkezpen fasea abian da dagoeneko. Bi saio egingo dituzte eskualdean herritarrak informatzeko. Lehena hilaren 19an izango da, 18:00etan, Amurrioko Katekesi aretoan. Bigarrena, aldiz, martxoaren 5ean egingo dute, 18:00etan Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan.

Bi hitzordu horiez gain, aholkularitza bulego bat egongo da Amurrioko Udalean otsailaren 20tik martxoaren 5era, eta Laudiokoan martxoaren 6tik 20ra bitartean.

Aurkezpen-saio horietan parte-hartzen duten herritarrek beren elektrizitate-faktura aurkezten badute, txosten pertsonalizatua eskuratzeko aukera izango dute, horren arabera baloratu ahal izan dezaten kooperatiban parte hartu nahi duten ala ez. 

700 bazkide helburu

700 kooperatibista lortu nahi ditu proiektuak, eta kide horiek onura ekonomikoak, sozialak zein ingurumenari lotutakoak izango dituztela adierazi du Arabako Foru Aldundiak: "Urteko 2.200 kWh-ko batez besteko kontsumitzailearentzat, kooperatibista bakoitzak 1.700 euroko ekarpena egiten dio kooperatibari urtean kontsumitutako energia bera sortzeko".

Hortaz, kooperatibistek eskari elektrikoaren %100 lortuko lukete modu burujabean urtebeteko epean.

Prezio erakargarriak

Sustatzaileek iragarri dute ekimenak epe ertain-luzera energia prezio "oso erakargarrian" kontsumitzeko aukera emango diela bazkideei. Izan ere, kooperatibisten gain geratuko den sortze-kostuaren prezioa 29 €/ MWh izango da lehenengo urtean, karguak, zergak eta bidesariak kanpo, eta proiektuaren balio-bizitza 30 urtekoa izango dela aurreikusten dute.

Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korporazioan integratutako Krean ingeniaritza sustatzailearen arteko lankidetza publiko-pribatutik jaio zen Ekiola, eta Arabako Foru Aldundiaren partaidetza du Aiarako Kuadrillan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen kontsultatu daiteke: aiara.ekiola.eus.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide