Zinema sariketa hutsa baino askoz gehiago dira Goya Sariak. Zineak bezainbesteko protagonismoa hartzen dute bertan gizartea zeharkatzen duten beste hamaika kezka eta kontuetek. Gauza guztien gainetik zerbaitek zeresana sortzen badu, alfonbra gorriko estilismoa da.
Zinemako izarren topaleku dira Goya Sariak. Eta izarrek dir-dir egiteko mimoz eta tentuz aukeratutako jantzi eta osagarrien beharra dute. Moda desfile erraldoia dira Goya Sariak funtsean. Aktoreak, zuzendariak, ekoizleak, musikariak… ikusten ditugu belus gorriaren gainean lirain, hamaika diseinatzaileren lana dotoreziaz erakutsiz, zinemaren eskaparate erraldoian.
Mundu mailako diseinatzaile laudoriatuenen lanak bildu ohi dira Goya Sarietako galan, eta aurtengaon Aiaraldeko bi izen propio batu dira festara: Mikel Lazkano orozkoarra eta Mederi Ferreño laudioarra.
Mikel Lazkano eta Mederi Ferreño diseinatzaileen lanek Aiaraldetik Granadara bidaiatu eta Miren Gaztañaga akotrearen azalean zeharkatu dute Goya Sarietako alfonbra gorria. Tokiko sortzaileek ehundutako elkarlan sarearen adibide garbia. Gaztañagak fikziozko film labur onenaren saria eskuartzeko aukera zuen Betiko Gaua pelikularen lantaldearekin jo behar zuen otsailaren 8ko Goya Sarietara. Sari banaketa ekitaldirako gonbidapenak buruhauste berria ekarri zion aktore aiaraldearrari; alfonbra gorrian zerekin distira egin. Nerea lagun eta sortzailearen aholkutik tiraka egin zuen topo Mikel Lazkano diseinatzaile orozkoarraren Beneath bildumako jantziekin. Urteak daramatza Lazkanok Londreseko moda munduan murgildurik, egun luxuzko arropa marka jasangarri batentzat egiten du lan.

Behin jantzia aukeratuta, osagariak bilatzeari ekin zion Miren Gaztañagak, eta orduan ere ezinbetseko izan du Nerea Iglesiasen aholkua. Mederi Ferreño bitxigile laudioarraren belarritako eta eskumuturrekoak eraman ditu Mirenek Granadara. Mederiren Osane belarritako enblematikoak eta Mimosa bilduma berriko eskumuturrekoa hain zuzen ere.

Elkarlana
Londresen dagoen Mikel Lazkanorekin harreman eta koordinaziorako Lazkanoren familia giltzarri izan da Miren Gaztañagarentzat. “Asko lagundu naute Mikelek sorturiko jaka nire eskuetaraino iritsi zedein”, azaldu dio Gaztañagak Aiaraldea Komunikabideari. Teresa Larrazabal Mikelen izebaren papera goraipatu du Gaztañagak: “Izugarri lagundu nau jantzia nire neurrira ekartzen, eta ni eroso sentiarazten. Mikel ere, distantziatik, oso adeitsua izan da une oro”.
Mederirekin hartu-emana bitxigileak Laudioko Nerboi kalean duen denda-tailerrean egin du Arakaldoko aktoreak. Aukeratutako diseinuaren gainean urre mota desberdinak frogatu dituzte, Goya Sarietara menturatu aurretik. Mederiren tailerrera bertaratu eta sortzaileen arteko sintonia onaren lekuko izateko aukera izan zuen Aiaraldea Komunikabideak.

Institutuan elkarrekin ikasitakoak dira Mederi eta Mikel. Miren Gaztañagak eskaini dien aukera hau berriz topo egitea izan da elkar miresten duten tokiko bi artistentzat.
Goya Sarietan
Egin beharrekoak eginda; jaka, belarritako eta eskumuturrekoak jantzita, Goya Sarien alfonbra gorritik paseatzeko unea iritsi zitzaion Miren Gaztañagari iragan otsailaren 8an. Estreinako aldia zuen Gaztañagak Goya Sarietan, eta “oso esperientzia dibertigarria” izan dela aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari: “Familia baten modura egin dugu bidaia Betiko Gaua lantaldeko kideok, eta horregatik esperientzia oso berezia izan da. ‘Banbalinen’ atzean zer gertatzen den ikusteko aukera izan dugu”.
Gaztañagarekin batera Sagardoy anaiak eta Sumendi Filmak, Galapan Productions eta Ikusgarri Films ekoiztetxeetako kideak izan dira Granadan. Eneko Sagardoyren estreinako zuzendari lanak ez du Goyaren estatuatxorik jaso, baina bizitako esperientziari esker ez dira Euskal Herrira esku hutsik itzuli.
Mikel Lazkanok eta Mederi Ferreñok ere nekez ahaztuko dute Goya Sarien 39. edizioa, haien sorkuntzek mundu mailako eskaparatea izan dute eta.