Aretatik Bilbora doan AP-8 autopistako tarte osoa kontrako norabidean egin du gaur goizean gidari batek. 09:45ak aldera izan da eta ez du inolako istripurik eragin.
Hori bai, Ertzaintzak Bilboko Miribilla auzoan harrapatu du gidaria, A-8 errepidean. Poliziak adierazi duenez, adineko laguna zen ibilgailua gidatzen ari zena eta desorientatuta zegoela zirudienez, zerbitzu medikuak deitu dituzte.
Horiek erabaki dute gidaria ospitale batera eramatea. Ertzaintzak ez du oraindik zehaztu salaketa egongo den gertakariaren ondorioz.