Iragan larunbatean hasi zen Arabako Bolatoki Txapelketa. 64 pertsona daude parte hartzen aurtengo edizioan, 10 emakumezkoen kategorian eta 54 gizonezkoenean. Luiaondon egin dituzte lehen tiradak, eta eskualdeko beste bolatokiak bisitatuko dituzte hurrengo asteburuetan.
Laudion egongo dira martxoaren 1 eta 2an, San Joan Astobitzako eta Gardeako bolatokietan. Okondo bisitatuko dute 8 eta 10ean, Tertanga eta Urduña 15 eta 16an, eta Laudioko San Roke bolatokia, aldiz, apirileko lehen asteburuan. Kexaa eta Beotegin izango dira finalak, apirilaren 12 eta 13an.
Ohiko mekanika izango du txapelketak, baina berezia izango da, 50. edizioa egingo baitute aurten. “1974. urtean hasi zen antolatzen, eta Eulogio Santa Cruz izan zen lehen txapelduna, gaur egun oraindik bizi dena. Beotegin izan zen finala”. Hala oroitu du Enrique Arrazuria Ortiz De Barronek. Aditua da bera bolo-jokoan.
Hiru liburu idatzi ditu kirol horri buruz, eta egun bera da Arabako Federazioko lehendakaria. Bere hitzetan, “eskualdeko txapelketa” zen hasieran, baina laster berrizendatu zuten “txapelketa probintziala” bezala. Hala ere, Arrazuria ez zegoen ados izendapen berriarekin: “Zer esan nahi du probintziala izateak? Burgosekoa? Segobiakoa? Orduan, ni federazioan murgildu nintzenean Arabako Txapelketa izendatzera pasa ginen, logikoena baita, nik uste”.
1974. urtean antolatu zen lehen edizioa eta Eulogio Santa Cruz gailendu zen Beotegin jokatutako finalean. Ordutik hona antzeko eskema mantendu du urteroko zitak.
Izen aldaketak gorabehera, kirol probak ez du aparteko aldaketarik izan bost hamarkadetan zehar. Urtero urtero egin da antzeko datetan, 2020an salbu, bertan behera utzi behar izan zutelako pandemiaren eraginez. Baina, apenas egon da aldaketarik.
“Puntuak kontatzeko modua izan da apur bat aldatu den gauza bakarretako bat”, azaldu du Arrazuriak. Hala ere, bere hitzetan, parte hartzean bai egon dela aldaketa, eta ez onerako: “Ni 30 urte inguru nituenean hasi nintzen jaurtitzen, eta garai hartan 150 pertsonek parte hartzen genuen. Orain 71 urte ditut eta justu iristen gara 60 izatera”.
Euskadiko Federazioko zuzendaritzan ere dago Arrazuria, eta antzeko egoera ikusten du bertan: “2001an EAEn 4.200 federatu baino gehiago zeuden. Iaz, aldiz, eta ziren 2.000 izatera iristen”. Beherakada horrek arriskuan jarri du kirolaren izana ere, Arabako Federazioko buruaren ustetan: “Lehen bederatzi modalitate zeuden Araban eta bost baino ez daude orain”.
Sorpresak esku artean
Baina eskualdeko bolatokiek ilusioz heldu diote Arabako Txapelketaren 50. edizioari, mende erdi ez baita egunero betetzen. Aurreratu dutenez, “ekimen bereziren bat edo beste” prestatzea dute buruan, oraindik guztiz lotuta ez duten arren.
“Oroigarri bana emango zaie parte hartzaile guztiei, eta baita lesioren bat medio parte hartu ezin dutenei ere; bolari guztiei, funtsean”. Hala azaldu du Joseba Mirasek, Luiaondoko Lekubatxe Bolatoki Klubeko presidenteak. Bazkari bat egitea ere ari dira planteatzen, finalaren egunean bertan.
Horrez gain, beste “sorpresa” bat ere dute esku artean Aiaraldeko bolo klubek, “kirola eta eskualdean jokatzen den modalitatea ezagutzera emateko”. Aurten plazaratzeko asmoa dute egitasmo hori, eta ziur dira harrera beroa izango duela jendearen partetik, baina, momentuz, ez dute ezer gehiago aurreratu nahi.