ELKARRIZKETA

“Gure ihes gela ez da genero bakarrera mugatzen, %70ean klasikoa eta abenturazkoa bada ere”

Aitor Aspuru Saez 2025ko mar. 17a, 07:00

Ihes gela zabaldu duten hiru kideak. / Aiaraldea.eus

IBAN ELORRIAGAk (Laudio), ARRATE MIKELE ELEXPEk (Zeberio) ETA GORKA LUENGOk (Laudio) urtarrilean ireki zuten ‘Menda el mercenario del espacio’ ihes gela Bilbon. 

Noiz zabaldu duzue escape rooma?

Urtarrilaren 2an hasi ginen, baina erreserbak egiten urrian hasi ginen. Egia esanda, ekainean irekitzeko asmoa genuen, gero urrian eta azkenean berandu egin zaigu eta urtarrilean egin dugu. Hasierako ideia hiruron artean proiektu bat sortzea zen, Gorka langabezian baitzegoen eta besteok ez geunden ezertan, zehazki. Txantxa moduan hasi zen ihes gelarena, baina azkenean ireki dugu. Elkar ezagutzen dugu Dungeon & Dragons rol jokoaren zaleak garelako eta urteak daramatzgulako jolasten. 

Zer esan dezakezue ihes gelari berari buruz?

Guk gogoko dugun moduan egin dugu, zerbait ezaguna da, telesail bati lotuta. Gazteentzat zein nagusientzat da, oso entretenigarria, ordubete eta erdi irauten du eta jendea pozik ateratzen da.  Pertsonaia nagusia Menda —Mandalorianoari egiten dio erreferentzia— da. Bere armadura galdu eta laguntza behar du ezpata beltza topatzeko. Hortaz, jokalariek joan behar dute ezpataren bila eta Mendak laguntzen ditu.

Horretaz gain, meategi batean dago girotua eta baskerra ere aurkitu behar dute. Material hori oso garrantzia da Mendarentzat. 

Zein osagai ezberdin du zuen ihes gelak?

Berez, ez dugu zerbait apurtzailea egin nahi izan. Besteetatik ezberdintzea nahi dugu? Bai, jakina, baina jendeari nahi duena eskaini nahi diogu. Horregatik kutsu klasikoa dauka, publikoak hori gogoko duelako, eta gero ezberdin egiten dute dekorazioek, guk jarri dizkiogun gogoek eta une oso ezberdinak eta onak dituela, beste toki batzuetan ez daudenak. Finean, genero klasikora jotzen du gehienbat, baina bestelako gaien zertzeladak ditu. Hau da, abenturazko ihes gela da, bai, baina ez gara horretara itxi, badago espazioa, izuren bat, interakzioa, suspensea... Batzuk % 100ean genero bakarrera mugatzen dira eta guk anitzak landu ditugu, % 70ean klasikoa eta abentura izan arren.

Aipatu duzue ia urte erdi atzeratu dela irekiera, prozesu luzea da ihes gela sortzea?

Lehenik eta behin, taldean izaera ezberdineko kideak egon behar dira. Denek arlo berean lan egiten badute, ezinezkoa da. Gure kasuan Gorkak ekarri zuen ideia. Ivanek eraiki zuen istorioa, gero aldatu behar izan dugu, aurrekontuak mugatzen duelako egin ahal duzuna. Arrateren lana denetarik egitea izan da (margotzea, erreserbak kudeatzea, diseinuak egitea, webgunea...).  Profesional batekin egin genuen lan obra gauzatzeko, baina ihes gelako elementu ia guztiak gureak dira. 

Zein izan da Ivanen istorioa, edo zer kontatu ahal duzue?

Hasieran argi genuen zer nahi genuen, baina ez zertan girotu. Hortaz, hasi ginen probatzen eta ikertzen zer falta zen inguruetan ihes gelen esparruan. Ez genuen topatzen konbentzitzen gintuen ezer: piratak, gerrak, bikingoak... Zaila da lehen aipatutakoari zerbait gehitzea. Gainera, tokiak ez zuen ematen egin nahi genuen guztia garatzeko, hortaz, laburtu genuen. Sims jokoan egin zuen diseinua Ivanek eta erakutsi zuen gelak nolakoak ziren eta nola joango zen dena. Moldatu genuen lokalera. Finean, istorio honetan Mendalorianoak kontratatzen zaitu, berak ezin duelako misioa bete, eta bigarren mailako helburua ere baduzu, baskerra bilatzea. Dena den, arruntena da ihes geletan xede bakarra egotea. Guk bigarren bat ere eskaintzen dugu.

Mendalorianoa aipatu duzue, jolastu behar duzue mugekin.

Bai, arrunta da ihes geletan, batzuk sinesgaitzak dira. Adibidez, badago bat deitzen dena "Zuk ere amestuko duzu" eta It Stephen Kingen liburuan dago girotua. Jatorrizko leloa da "Zuk ere flotatuko duzu", baina aldatu dute. Hemendik hurbil Bibowarts ere badago, Harry Potterrena: Bilbo gehi Howarts. Guk antzekoa egin dugu eskubideekin arazoak ez izateko. Mandalorianoaren ordez, Mendalorianoa da, txantxarako tartea ere ematen baitu, Menda. Grogu ere Grogi da. Ez dugu arazorik nahi Disneyrekin. Gainera, Disney eta Nintendo dira zentzu horretan ospe txarrena dutenak.

Zenbat lagun behar dira ihes gela bat kudeatzeko?

Bakoitzak bere trebeziak ditu. Ivan da sortzaileena, Arratek gelan bertan lan egiten du, egin behar duena egikaritzen du, baita sare sozialak ere, eta Gorka da administraria. Gutxienez hiru lagun beharrezkoak dira. Bakarrak ezin du. Denbora pilo behar da, salbu diru mordoa baduzu.

Zer moduz esperientzia?

Egia esanda, nahiko ondo. Aintzat hartuta urrian erreserba batzuk bertan behera utzi behar izan genituela, nahiko ondo gaude. Astebururo lauzpabost talde daude. Guk erreserbei eskatzen diegu egun bat eta erdiko aurrerapena, baina jende askok gogoko du egunean bertan deitzea eta azkenean bost saio egiten ditugu asteburuetan.

Esan bezala, nahiko ondo eta pozik gaude datorren jendearekin. Komunitate honetan jendea oso jatorra da. Ez dago lehiakortasunik. Negozio bakoitzera behin baino ez dira joaten bezeroak, hortaz, ingurukoek laguntzen dute. Mundu honek izango du bere alde iluna, baina guk momentuz ona bakarrik ezagutu dugu.  Esaterako, proba egin genuenean, beste geletako jendea etorri zen eta iradoki ziguten joko batzuk laburtzea edo beste elementu batzuk jartzea... Eta bezero gehienak ere oso onak dira. Jakina, egon dira batzuk zezenak bezala etorri direnak eta gauzak apurtu dituztenak. Horrek behartzen gaitu berehala konpontzera hurrengo saiorako. Edonola ere, gehienak oso modu positiboan aritu dira. Interneten topatu ditzakezun iritziak edo kritikak bost izarrekoak dira eta egileak ez dira lagunak, hori guretzat polita da.

Proba fasea aipatu duzue, nolakoa izan zen?

Zabaldu baino lehen, prestatutako jokoak eta zure burua ere frogatu behar dituzu. Horretan laguntzeko jendea gonbidatu genuen. Batzuek esperientzia zuten eta beste batzuek ez. Probatzea ezinbestekoa da. Izan ere, gure hasierako asmoa zen 70 edota 80 minutu, gehienez jota, irautea. Gero konturatu ginen jendeak bi ordu baino gehiago behar zituela amaitzeko. Aldatu behar izan genituen zenbait gauza; audio bat, interakzio bat... 
Egia esanda, proiektua ez da inoiz bukatuta egongo, beti egongo da zerbait aldatzeko saio batetik bestera. 

Nola animatuko zenukete jendea etortzen?

Adin muga bakarra da 10 urtetik gorakoa izatea jokalaria. Familia osorako ihes gela da, duela gutxi etorri zen hamabi urteko ume bat bere osaba eta izekorekin eta anai-arrebekin eta oso ondo joan zen. Lagun eta familiarekin egiteko ihes gela da, edonorentzat. Gozatzeko ez da beharrezkoa ezta Star Wars edota Mandalorian ezagutzea. Are gehiago, etorri den jende gehien-gehiena ez da jarraitzailea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide