Arabako Foru Aldundiak prentsa oharra zabaldu du komunikatzeko Aiarako Kuadrillako 25 enpresarekin ari dela elkarlanean Aiaraldea Digitala ekimenean. Egitasmo horren helburua da digitalizazioa txertatzea eskualdeko enpresa txiki eta ertainen artean, lehiakortasuna hobetzeko.
GAIA ezagutza eta teknologia industrien klusterrarekin lankidetzan egiten ari dira ekimena eta 25 enpresa baino gehiago bisitatu dituzte. Jadanik 20 proiektu baino gehiago definitu dituzte edo definitzeko fasean daude, eta dagoeneko hasi dira horietako bostekin:
-
ENKARKI: Adimen artifizialean oinarritutako tresna bat inplementatzea bainu kimikoak mantentzeko, entregatzeko eta biltzeko ibilbideak optimizatzeko, kostuak murrizteko eta eraginkortasun logistikoa ingurumen-inpaktu txikiagoarekin hobetzeko.
-
KIDER: Erreferentzien bilatzaile adimenduna garatzea 150.000 produktu baino gehiagorako sarbidea arintzeko, diseinuko, merkataritzako eta produkzioko departamentuei mesede eginez.
-
BARAÑANO LIKOREAK: Marketin-prozesuen digitalizazioa eta automatizazioa belaunaldi berriko cloud computing eta CRM sistema baten bidez.
-
AMETS: Adimen Artifizialean oinarritutako "Tailer digitaleko burua" sortzea, planoetako irudietatik abiatuta, produkzio-prozesuak optimizatzeko aurretiazko lanak identifikatzea errazten duena.
-
ZORROZA GESTIÓN: NFC teknologia duen plataforma bat ezartzea edukiontzietan, gorabeheren kudeaketa hobetzeko, datuak denbora errealean bilduz eta aztertuz.
Ekimenaren finantzazioa Arabako Foru Aldundiaren, GAIAren eta enpresen gain geratzen da eta aipatu beharra dago Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planaren eta Aiara Industrial Lab-en bitartez dagoela indarrean.