Aiarako Birak eskualdeko errepideak beteko ditu hurrengo hiru asteburutan 33 taldeko ehunka txirrindulariekin. Kadete kategoriako proba larunbatean hasiko da Laudion eta martxoaren 30ean bukatuko da Arespalditzan.
Parte hartuko duten taldeen artean Espainiako Estatuko ugari egongo dira, Zaragoza, Salamanca, Kantabria, Alacant, Valentzia edota Kanariar Uharteetatik iritsiko direnak.
Cesar Solaun omendua
Cesar Solaunek jasoko du aurtengo omenaldia eta larunbatean bertan izango da bere herrian, Laudion. Etapa abiatu baino apur bat lehenago, 16:00ak aldera, egingo diote Aldai plazan. Solaun txirrindulari profesionala izan zen 1994 eta 2002 urteen artean eta Fundación Euskadi, Banesto eta Euskaltel taldeetan militatu zuen.
Aitortza jaso ondoren ekingo diote lehen etapari eta guztira 250 kilometro baino gehiagoko ibilbidea bete beharko dute sei etapak bukatzen dituztenek. Guztiek izango dute 50 kilometro inguruko luzera, Okondokoak salbu, kronoeskalada izango baita.
Zehazki, hurrengoak izango dira hitzorduak eta zuzeneko emisioa jarraitzeko aukera egongo da webgunean:
- Martxoak 15, 16:00etan Laudio-Laudio.
- Martxoak 16, 10:30ean Orozko-Madaria.
- Martxoak 22, 16:00etan Okondo-Markuartu (kronoeskalada).
- Martxoak 23, 10:30ean Amurrio-Amurrio.
- Martxoak 29, 16:00etan Artziniega-Artziniega.
- Martxoak 30, 10:30ean Arespalditza-Arespalditza.