
Eskualdeko musika eszena berria bizi-bizi dago azkenaldian. Urtarrilean, Aiara Gazte Music Fest jaialdiaren baitan, Amurrio Antzokiko oholtzara igo ziren Aiaraldeko hainbat talde, eta harrera bikaina izan zuen emanaldiak.
Horien artean zeuden, besteak beste, Belgorri eta Deriba, eta euren ibilbide laburra ez zen oztopo izan publikoaren artean giro hobezina sorrarazteko. Orain, bi hilabete eskas geroago, Aiaraldetik atera eta Errioxan joko dute Amurrioko eta Urduñako gaztez osaturiko bi taldeek.
Martxoaren 29an izango da hitzordua, Arnedoko Sendero aretoan. 22:00etan irekiko dituzte ateak, eta 22:30ean zapalduko dute eszenatokia Belgorri taldeko kideek. Horren ostean, 23:45ean, helduko da Deribaren txanda. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta hemen eskuratu daitezke.
Deriba taldeko kideek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, udan kontzertuak emateko oholtza bila zeudela sortu zen Arnedon jotzeko aukera: lagun batek proposatu zien Sendero aretoarekin harremanetan jartzea, eta lehenengo momentutik eman zieten baiezkoa. Aretoaren jabeak berak proposatu zien Aiaraldeko talde gehiagorekin batera ematea kontzertua, eta orduan batu zen planera Belgorri.
Erronka eta helburua
Euskal Herritik kanpo jotzea "aldi berean erronka eta helburua" da talde aiaraldearrentzat: "Erronka bat da euskarazko musika eta kultura publiko erdaldunari zabaltzeko. Eta helburu bat gure musika ahal den leku eta txoko guztietan partekatu eta erakustera iritsi nahi dugulako".
Izan ere, abestien hizkuntzari dagokienez, aldaketarik egingo ez dutela azaldu dute, eta etxetik hurbil emandako kontzertuen antzekoa izango direla hauek ere. Hala ere, Deriba taldeak dagoeneko aurreratu digu zuzenekoa lantzen ibili direla azken hilabeteotan; eta, hortaz, "urteko bigarren kontzertu hau orain arteko emanaldirik dinamikoena, luzeena eta errepertorio gehien duena izango da".