Power trio berria du Aiaraldeak: NØT. Berria da, gaur bertan plazaratu dutelako bandaren lehenengo abestia, baina badira bi urte Egotxok, Urruk eta Pagazak osatutako hirukoteak estudioan elkartzeari ekin zionetik.
Burubio Kultur Elkartea izan du NØT bandak aterpe 2023tik, eta aurten zortzi kantaz osatutako diskoa aurkeztea dute asmoa: Inertzia. Lan luzearen aurrerapen gisa lehenengo kantua plazaratu dute: Ikusi. "Gure esku ez dauden arrazoiengatik maite ditugun pertsonak ezin ikusi eta haiekin hitz egiteko, besarkatzeko, irri egiteko ditugun aukera eskasei buruz hitz egiten du abestiak", hirukotearen hitzetan. Youtube eta Spotify plataformetan dago entzungai kantua, eta Instagram kontua zabaldu dute ere, taldearen nondik norakoak zabaltzeko.
Burubio Kultur Elkartean bertan egin dute diskoaren grabaketa, Asier Ibarluzea Udaeta amurrioarraren gidaritzapean. Nahasketa eta mastering-a Manuel Pajaroren esku egon da.
Aurrerapen kanta aurkezteaz aparte, bandaren irudia ere plazaratu dute. Tokiko sortzaileak dira NØT bandaren iruditegiaren atzean daudenak. Izan ere, Endika Diazen argazkia eta Lubaki Grafik Faktøry estudioko Gaizka Muñozen diseinua baliatu dituzte.