Turkiako Selekzio Nazionalak parte hartuko du Aiarako Biran

Txabi Alvarado Bañares 2025ko mar. 15a, 01:57

Sorpresaz betetako aurkezpena egin dute Laudioko Udaletxean lehen etaparen bezperan.

Sorpresaz beteta dator Aiarako Biraren XXXV. edizioa. Gaur izango da lehen etapa, Laudioko Aldai plazatik abiatuta 16:00etan, eta antolatzaileek bezperara arte itxaron dute probaren azken xehetasunak emateko. 

Hain zuzen, atzo arratsaldean egin zuten aurkezpena Laudioko Udaletxean, jendez betetako pleno aretoan. Hainbat erakundeetako ordezkariek hartu zuten hitza lehenbizi. Arabako Txirrindularitza Federazioko buruak nabarmendu zuen Araba dela biztanleko txirrindulari profesional gehien dituen lurraldea, “Esloveniaren atzetik”, eta horrek “zeozer” esan nahi duela. Aiarako Kuadrillako presidentea den Iñigo Pinedo Vadillok, aldiz, Aiarako Birak betetzen duen funtzioa goraipatu zuen, tokiko erakundetik proba hori babesten jarraituko dutela ziurtatuta. 

Biraren bozeramaileak hartu zuen hitza jarraian, eta banan-banan aletu zituen txapelketaren sei etapen nondik norakoak. 251,4 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek guztira, 3.465 metroko desnibel positiboarekin, baina zaleek ez dute errepide ertzean egon beharko lasterketa jarraitzeko. Izan ere, zuzenean emitituko dituzte etapa guztiak probaren webgunean, motorretan joango diren kamerarien zein droneen irudiak baliatuta. 

Parte hartzaileetan ere egongo dira sorpresak. Aurreko urteetan bezala, Euskal Herritik zein Espainiako Estatutik bertaratutako 33 talde arituko dira errepidean lehian, baina aurten “talde gonbidatu bat” ere batuko da tropelera: Turkiako Selekzio Nazionala. Txirrindulari horien parte hartzearekin, “nazioarteko proba” izatea lortuko du Aiarako Birak, atzo nabarmendu zutenez. 

Horri lotuta, antolatzaileek nabarmendu dute Aiara Birak eragin ekonomikoa ere duela eskualdean. Izan ere, egin dituzten kalkuluen arabera, probaren 34 ediziotan zehar 100.000 pertsona inguruk bisitatu dute eskualdea guztira, “eta hori 100.000 kafe dira eskualdeko establezimenduetan, alojamenduak, bazkariak…”. Horregatik, horrelako ekimenek sostengu ekonomikoa behar dutela uste dute, eta eskerrak eman dizkiete aurtengo edizioa babestu duten erakunde publiko zein enpresa guztiei. 

Probari buruzko xehetasunak emateaz gain, Aiara Txirrindulari Elkarteko Kadeteen taldea aurkezteko ere baliatu zuten atzoko ekitaldia, eurek parte hartuko baitute biran kanpoko beste taldeekin batera.

Aiaraldea Komunikabideak taldeko bi kiderekin hitz egin zuen gaurko eta hurrengo asteburuetako etapei begira dituzten asmoen inguruan:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide