Klima aldaketaren aurkako ekintza sinboliko koordinatua egin dute gaur iluntzean Laudio, Amurrio eta Luiaondoko ikasleek, Aiaraldeko Kuadrillak sustatuta.
19:30ean jarri dute zita, Herriko plazan, Juan Urrutia plazan eta Otueta gizarte etxean, hurrenez hurren. Hainbat gaztek hartu dute hitza, eta ekoizpen zein kontsumo arduratsuari buruzko testua plazaratu dute. Ondoren, inguruko argiteria publikoa itzali dute hainbat minutuz.
Ekimen hau egitasmo zabalago baten barruan kokatzen da. Izan ere, Aiaraldeko Kuadrillako hamaika ikastetxetan ari dira klima aldaketaren inguruko edukiak jorratzen, 2030 Agendaren bidez.